"Danborrada mistoa izateak ez du esan nahi parekidea denik"
Berdintasun sailaren webgunean ere deskarga daiteke liburua.
Urriaren 16an liburuaren aurkezpena egingo dute udaletxeko Udaltzar aretoan, 19:00etan.
Emakumeek historian zehar danborradan izan duten parte hartzearen inguruko liburu bat argitaratu du udalak: Emeki-emeki berdintasunezko Danborradarantz. Berdintasun sailak iaz eskaini zuen beka bati esker egindako ikerketa lanaren emaitza da liburua, eta gaur aurkeztu dute udaletxean. Naiara Sampedro, Berdintasun zinegotzia eta Juan Karlos Izagirre alkatearekin batera, bertan izan dira Beatriz Moral eta Xabier Kerexeta, ikerketa lanaren egileak ere.
Danborrada sortu zenetik gaur arteko hainbat argazki, testigantza, bitxikeria eta testu bildu dituzte liburuan. Lan dibulgatzaile bat izatea nahi dute, eta agerian utzi dute emakumeak hasieratik parte hartu izan dutela danborradan; sekula ez zaie parte hartzea debekatu. Hala ere, Gerra Zibilaren eta frankismoaren ondorioz, danborrada bera desagertzear egon zen, eta emakumeen presentzia ere bai. Azken hamarkadetan berdintasunaren bidean pauso garrantzitsuak eman direla nabarmendu dute egileek. Dena den, hainbat mugarri historiko azpimarratu dituzte, Kresala konpainiaren lana esaterako. Kerexetaren arabera, “egun danborraden %90a mistoa da, baina danborrada mistoa izateak ez du esan nahi parekidea denik. Jendarteak naturaltzat hartzen du gaur egungo egoera, baina ez da horrela”.
Elkarrekin bai, baina ez maila berean
Danborrada “jendartearen isla” dela adierazi du Izagirrek; “ez da parekidea, ez kuantitatiboki eta ezta kualitatiboki ere”. Zentzu horretan, Berdintasun zinegotziaren hitzetan ere, “urtez urte pausoak ematen ari gara berdintasunezko danborradaren alde, baina hori egia izan dadin jendartearen pentsaera aldatzea beharrezkoa da. Izan ere, gaur egun oraindik ere historiaren erabilera interesatuak egiten dira, justifikazioak bilatu behar izaten dira emakumeei lekua egiteko, ez ikusiarena egiten da, eta inertziaz jokatzen da, gauzak auzitan jarri gabe. Behin betiko urratsa emakumeen eta gizonen ahotsa eta hitza guztiz baliokideak direnean egingo da, berdinak direnean kopuruan, presentzian, zilegitasunean, mailan, ospean”.
Beatriz Moralean arabera, 30 urte hauetan lortutakoak gutxietsi gabe, gaur egun oraindik ez dago emakumeen eta gizonen arteko orekarik. Danborradako parte hartzaileen herena baino ez dira emakumeak, eta oso danborrada gutxitan hartu dezakete parte edozein postutan. Emakumeek oso gutxitan betetzen dituzte agintari postuak, eta erabakitzeko esparruetatik kanpo geratzen dira. Afariei dagokionez ere, oraindik ere hainbat elkartetara ez direla emakumeak sartzen aipatu du Moralek.
Sari emate ofizialek ere izan dute kritika. Urrezko Danborra dutenen artean %8,5 dira emakumeak eta Hiritar Merezimenduaren Dominetan, berriz, %21a. Komunikabideetan ere parekideak ez diren konpainiak gehiago ateratzen direla ondorioztatu dute ikerketa lanean.
Etorkizunari begira, haur danborradetan parte hartzen duten gehienak neskak direla azpimarratu dute. Dena dela, “Irun eta Hondarribian adina soinu egin ez bada ere, Donostiako danborradan emakumeek euren lekua hartzeko lan eta borroka asko egin dute”, esan du Moralek.
Sei pertsona aritu dira urte eta erdiz ikerketa lan hau egiten. Danborradari buruz informazio asko badago ere, emakumeen parte hartzeaz datu zehatzak eta testigantzak lortzea asko kosta zaiela onartu dute, “normaltzat hartzen zutelako ez agertzea”. Etorkizunerako tresna baliagarria izango den esperantzan, urriaren 16an aurkeztuko dute jendaurrean liburua eta ikerketa lana bera. Udaletxeko udalbatza aretoan egingo dute aurkezpena, 19:00etan. Hortaz gain, 354 ale banatuko dituzte, eta