Ezkerretik hasita, Amaia Almirall (Donostia Kultura); Javier Garcia Ramos (Presidentziako arduraduna); Ana Salustiano (Udal Informatika Zentroa); Angel Querejeta (Mugikortasun saila); Juan Karlos Izagirre alkatea; Txuri Aranburu (koordinatzailea); Manu Narvaez (Donostia Turismoa); eta Euken Sese (Sustapena). (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Donostia 2016 egitasmoak hirian sortuko dituen aukerak eta beharrak kudeatzeko lantalde bat osatu du udalak. Alkateak eta sail bakoitzeko zuzendariek osatzen dute taldea: Partaidetza, Donostia Kultura, Sustapena, Donostia Turismoa, Mugikortasuna, Udal Informatika Zentroa, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuak eta Estrategia Bulegoa. Txuri Aranburu da lantaldearen koordinatzailea, eta asteazkenero elkartuko dira.
Juan Karlos Izagirre alkatearen arabera, talde honen zereginak kultur hiriburutzak hiriari eskainiko dizkion aukerak %100ean aprobetxatzea eta hiria 2016rako prestatzea izango dira. Gainera Donostia 2016 bulegoaren eta udalaren arteko zubi lana ere egin beharko dute.
Horretarako, guztiak elkarlanean aritzeaz gain, sail bakoitzak bere aldetik ere jorratu beharko ditu Donostia 2016 egitasmoaren inguruko beharrak. Zentzu horretan, “sail bakoitzak oso barneratuta dauka proiektua, eta hori agerian uzten du lantalde berri honen metodologiak”, esan du Aranburuak. Baliabideei dagokionez, 2015eko aurrekontuetan batzorde berriak diru partida bat izango du, eta horretaz gain, sail bakoitzak bere aurrekontuetan 2016ko beharretarako zenbat diru beharko duen aurreikusi beharko du.
Prestaketa lanak
Agenda kulturalaz haratago, kultur hiriburutzak bisitari andana erakartzea espero dute, eta “hiria prestatu beharra” dagoela azpimarratu dute. Euken Sese, Sustapeneko zuzendariak adierazi duenez, Donostia 2016k 3.800 lanpostu sortzea aurreikusi dute. Hortaz gain, prestaketa lanen artean sartuko lirateke aireportuekin loturak hobetzea, mugikortasuna hobetzea, bisitariak jasotzeko nahikoa leku prestatzea, hiria txukuntzea…”Donostiarrek kultur hiriburutzarekin disfrutatzea nahi dugu, eta kanpotik datozen bisitariak ere aho zapore onarekin itzultzea nahi dugu”, esan du Txuri Aranburuk.
Hala, hainbat alor lantzen hasi dira:
Mugikortasunari dagokionez, Donostia Europa mailako erreferentzia izan arren, egungo norabidean sakontzeko beharra azpimarratu dute. Hortaz, hirira nola iritsi eta hirian nola mugitu; garraio publikoaren eta pribatuaren arteko oreka; aparkalekuen kudeaketa eta beste hainbat behar landu beharko dituzte.
Bisitariei harrera egiteari begira, laster harrera plan bat osatuko dute. Plan horretan bisitariekin harremana izango duten sektore guztiei maila askotako tresnak eskainiko zaizkie, formazio, sinaletika, hizkuntzen trebakuntza, edo komertzioen eta ostalaritzaren modernizazioari dagozkienak, esaterako.
Ingurumenari eta hiri zerbitzuei dagokienez, CO2 isuriak gutxitzeko neurriak landuko dituzte. Bestetik, azterketa zabala egingo dute kale garbiketan, parke eta hondartzak txukuntzen edo hondakinen kudeaketan hartu beharreko neurriez. Horiekin batera, kale argiterian egin beharreko aldaketak eta hartu beharreko neurriak ere landuko dituzte.
Era berean, udalaren barne mailako lana errazteko eta baimenen tramitazioak hobeto kudeatzeko leihatila bakarra ezarriko dute, 2016ari begira, baimen eskaerak eta agiriak asko ugarituko direlakoan. Horrekin batera, administrazioaren aplikazio informatikoak ere eguneratuko dituzte.
Hobekuntza eta prestaketa hauek guztiak 2016. urtera begira egiten ari badira ere, “etorkizunerako ondare” gisa hartu behar direla adierazi du Izagirrek: “Guretzat, hiri mailan, eta udaletxe mailan, Donostia 2016 aukera ezin hobea da hirian hobetu behar ditugun gauza asko hobetzeko”.