Hiru Hondartzetako Krosak 25 urte beteko ditu
Lasterketa urriaren 12an izango da eta aurten ere 3.000 partaideetara iristea espero dute antolatzaileek.
Hiriaren erdiguneko kaleak zeharkatuko dituzte ehundaka korrikalarik urriaren 12an. Izan ere, Hiru Hondartzetako Krosa antolatu du, aurten ere, Jakintza Atletismo Klubak, eta azken urteetan bezala 3.000 partaideetara iristea espero dute. Aurtengoa, gainera, berezia izango da, 25 urte beteko baititu lasterketak. Urteurrenarekin bat eginez, lasterketaren ibilbideak aldaketa batzuk izango ditu, eta gaurko aurkezpenean horien berri eman dute arduradunek. “Halako lasterketetan partaidetza handitzen ari da eta udalak hiria kirolgune bihurtu nahi du kros horiek jokatzen direnean”, azaldu du Josu Ruiz Kirol zinegotziak. Gainera, udalak Abiatu elkartearekin hitzarmen bat sinatu berri duela gogorarazi du Ruizek, emakumeak runningera hurbiltzeko.
Hiru Hondartzetako Krosa urriaren 12an izango da, esan bezala, 11:00etan, eta 10 kilometroko ibilbidea izango du. “Satrustegi hiribidetik egingo dugu irteera eta korrikalariak lasai egon daitezela, irteeran galdutako metro horiek errekuperatuko baititugu, benetako hamar kilometro izan daitezen. Bulebarrean, errepidetik joango dira partaideak, eta lasterketa bukatzean, korrikalari bakoitzak babesleen produktuekin betetako poltsa bat jasoko du”, zehaztu du Jakintzako Yon San Sebastianek. Kasualitatez, gainera, ospakizun bikoitza biziko du lasterketak; izan ere, hogeitalau urteren ostean, Amstelek babesle nagusia izateari utziko dio, eta Grupo Delta enpresa donostiarrak beteko du bere hutsunea; aurten ere 25 urte betetzen dituen enpresa.
Izen ematea zabalik dago urriaren 10a arte, 13 euroren truke (11 euro txipa dutenentzat), Kirolprobak.com eta Hiru Hondartzetako Krosaren webgunean. Korrikalari bakoitzak jarritako euro bat Amigos Solidarios Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat bideratuko dute. Hala, Ugandan lehen hezkuntzako eskola bat eraikitzen lagunduko dute, 400 haurrentzat.



