Udalak energia sortzeko zentro bat irekiko du Txominen
District Heating instalakuntza bat txertatuko du Udalak, hau da, beroa ekoizteko instalakuntza bat.
Txomineko eraikinetan eta urbanizazio eremuko bizilagunen artean banatuko dute energia. Sistema honek, besteak beste, ingurumenean eragina gutxituko du, erabiltzaileentzat energiaren aurrezkia ekarriko du, etengabe funtzionatuko duen bermea emango du eta instalakuntzak energia eraginkortasun handia izango du gainera.
Donostiako Udalak instalakuntza honen azterketa egin du, proiektua Donostiako Sustapenetik koordinatuz, kanpoko beste kasu eta erreferentzia aztertuz. Instalakuntza mota hau ohikoa da Europa iparraldeko herrialdeetan eta Europa Zentralean. Tokiko Gobernu Batzordeak lursail honen Plan Bereziaren aldaketari behin-betiko onarpena emango dio bihar.
Prozesuan ez da alegaziorik aurkeztu. Lursaila komunitate ekipamendua izateari utzi dio bertan ‘District Heating’ Energia Sortzeko Zentroa jartzeko. Azken finean, zonaldean ezarri beharreko elementuak biratuko dira, hodiak proiektatutako etxebizitzetatik pasa ez daitezen, pasa den legealdian landutako planeamenduan aurreikusi zen bezala. Udalak sustatu eta Izaskun Larzabal arkitektoak idatzitako Plana dugu hau.
Prozesu honetan Udaleko hainbat departamentu ari dira elkarlanean, besteak beste, Hirigintza, Sustapena eta Ingurumena.


