Zazpi gunetan bildu dute Oroimen historikoaren ibilbidea
Azaroaren 15a arte, larunbatero egingo dituzte Oroimen historikoaren ibilbidea erakutsiko duten bisita gidatuak; saio bat goizean eta beste bat arratsaldean.
1936ko Gerra Zibilak eta ondorengo errepresio frankistak hirian izandako eragina gogoratzeko ibilbide gidatu bat antolatu du Giza Eskubideen bulegoak. Berriki aurkeztu duten Oroimen Historikoaren Maparen osagarria da jarduera hau, eta Juan Karlos Izagirre alkateak adierazi duenez, “iragana ezagutzea ezinbestekoa da etorkizuna lantzeko”.
Gaur aurkeztu dute ibilbidea, eta Leire Otero gidariaren arabera, “historia orokorra garaileek idazten badute ere, historia hainbat mikro historiaz osatua dago”. Horregatik, bisita gidatuetan testigantzei garrantzia handia emango diete. Zazpi gune zehaztu dituzte, eta bakoitzean historiaren zatitxo bat azalduko dute, bisitarien arteko eztabaida sortuz.
San Telmo Museoan abiatuko da ibilbidea. Museoren barnealdean, irudi eta testigantzen bidez Gerra Zibilaren aurretik Donostiako bizimodua nolakoa zen erakutsiko dute.
Ondoren, Salamanka pasealekutik Kursaalera begira jarriko dira, frankismo garaian atxiloketa gunea izan baitzen eremu hori. Hirugarren geldialdia Okendo plazan egingo dute, Maria Kristina hotela gatazka gune izan baitzen, eta eraikinean oraindik suma daitezke borrokaren aztarnak.
Garibai kaleko 32. zenbakian, Frente Popular egunkariaren garai bateko egoitzan, zentsura landuko dute. Handik, Ijentea kalera joango dira, Goikoa jauregiaren parean dagoen eskulturara. Fusilatuen omenezko lana da, eta bertan, okupazioko eta gudako gertaeren kontakizunak egingo dituzte.
Parte Zaharrean barneratuz, Elvira Zipitria kalean Gerra Zibilaren aurretik eta ondoren emakumeek jendartean izan zuten lekua eztabaidatuko dute.
Zuloaga plazan amaituko da ibilbidea. Ordu eta erdi edo bi orduko iraupena izatea espero dute, herritarren parte hartze mailaren arabera. Azken puntu honetan, museoaren eraikina bera eta Fernando Sasiainen plaka aztertuko dituzte.
Helduentzako ibilbideak larunbatero egingo dituzte, azaroaren 15a arte. Goizeko 11:00etan egingo dute euskarazko saioa, eta 17:00etan gaztelerazkoa. Parte hartzeko ez da beharrezkoa aurrez izena ematea, baina ordua baino 10 minutu lehenago San Telmo Museora gerturatzea komeni dela aipatu dute antolatzaileek. Hiru euro ordaindu behar da bisitetan parte hartzeko.
Haurrentzako ibilbidea
Oroimen historikoaren ibilbidea ikasleen neurrira ere egokituko dute. Azaroaren 15a arte eskainiko dituzte bisita gidatuak, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara.
Parte hartu nahi duten ikastetxeek info@komazk.com helbidean edo 943 456 000 telefonoan eman beharko dute izena.





