Bai Euskarari sariak banatu dituzte Basque Culinary Centeren
Petra Elser (Banaiz Bagara elkartea), Kepa Mendia (Mendia Optika) eta Kike Amonarriz (Tribuaren Berbak) izan dira aurtengo sarituak, euskararen alde egiten duten lana aitortuz.
webgune berriak ere aurkeztu dituzte. Rober Gutierrez, elkarteko zuzendariak adierazi duenez, aro berri baten atarian daude, eta itxura aldatzearekin batera erronka berri bati ekingo diote. Bere hitzetan, “arlo sozioekonomikoa euskalduntzea” izango dute datozen urteetako erronka berria. Horretarako, euskaraz lan egin eta bizitzeko espazioak identifikatzea eta zabaltzea dute helburu. “Bizitzako espazio guztietan egin nahi diogu lekua euskarari, euskaraz lan eta bizi nahi dugulako”, gaineratu du Gutierrezek.
Euren alorrean, ahal izan duten neurrian “beren espazioa euskaraz bete” dutelako jaso dute aitortza aurtengo sarituek ere.
Banaiz Bagara elkartea
Jaiotzez alemaniarra bada ere, Donostian bizi da Petra Elser. Bera izan zen 2009. urtean Banaiz Bagara elkartearen sortzailea, eta berak jaso du Bai Euskarari saria.
Hernanin sortu zuten elkartea, eta gaur egun Urnietan dute egoitza. Etorkinei euskara eta euskal kultura erakustea dute helburu. Gainera irakaskuntza metodologia malgua erabiltzen dute, edozein arlotara egokitzen dutena. Elseren arabera, “edozeinek du euskaraz bizitzeko eskubidea, eta horretan lagundu nahi dugu guk”. Hala ere, lan mundua dela zailena aitortu du: “etorkinek motibazioa galtzen dute euskaraz ikastea edo erabiltzea lanerako ez dela baliagarria sumatzen badute”. Horregatik, edozein lanetarako euskara erabil daitekeela erakusten saiatzen dira; lan mundua euskalduntzen.
Kepa Mendiak ere bizitzeko eta lanerako hizkuntza du euskara. Gasteizko Mendia optika, frankismo garaian publizitatea euskaraz egiten hasi zen lehena izan zen, eta gaur egun erreferentzia bihurtu da lan munduan euskararen erabilera nola kudeatu behar den erakusteko.
Tribuaren Berbak
Kike Amonarriz soziolinguista tolosarra ere ezaguna da dagoeneko, eta bere izenak euskara darama alboan, umorez betiere. Izan ere, jendartean ezaguna egin da batez ere telebista saioen eraginez.
Hunkiturik jaso du saria, eta Bai Euskarari sariak “egindako lanaz haratago, mantendutako filosofia” nabarmentzen duela adierazi du. Euskaraz bizi ahal izateko, euskararen erabilera bultzatzeko dinamikak indartzeko garaia dela esan du Amonarrizek.
Hamalau urte dira Bai Euskarari Ziurtagiria sortu zutenetik. 2007.urtean, berriz, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea sortu zuten, eta bere ardura da, besteak beste, euskararen erabileran jarduten duten pertsonak edo elkarteak saritzea. Gaur egin dute aurtengo sari banaketa Basque Culinary Centeren. Euskararen inguruko hainbat eragile eta elkartetako kideak bildu dira bertan. Mokadu berezien artean egin dute lehen harrera, eta solasean aritzeko aukera izan dute bertaratu diren guztiek.
Tartean ziren aurtengo sarituak ere: Petra Elser, Banaiz Bagara elkarteko sortzailea; Kepa Mendia, Gasteizko Mendia optikako jabea; eta Kike Amonarriz, Tribuaren Berbak programaren zuzendaria eta aurkezlea.
Sariak banatzeaz gain, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen irudi eta