Herritarrei zergen araudi berria azaltzeko jardunaldi irekia egingo dute astelehenean
Donostiako Udaleko Udalbatzaren Organo Araudi berriak jasotzen duenez, arau proiektu bati Udalbatzak hasiera bateko onarpena eman aurretik herritarrentzako jardunaldi irekiak antolatu behar dira, herritarrek informazio zuzena jaso eta euren kezkak argitu ahal izateko.
Jardunaldi ireki horietako bat, astelehenean, urriak 6, egingo dute Zergen ordenantzaren inguruan. Udalbatza aretoan izango da bilera, 18:30etik aurrera, eta Juan Karlos Izagirre alkateak parte hartzeko deia egin die herritar guztiei.
Alkatea bera, Jabi Vitoria, udal gobernuaren Ogasun arduraduna eta udal teknikariak arduratuko dira 2015erako Zergen Ordenantza herritarrei azaltzeaz. Era berean, herritarrek parte hartu eta galderak egiteko nahiz iritziak emateko aukera izango dute.
Urriaren 16an egingo dute zergen inguruko ez-ohiko udalbatzarra.