"Oso harro nago nire aitona eta aita izandakoaz"
http://youtu.be/u52wmGkYa2g?list=UUtifA4NyolcwMlD6o7Szkig
1936ko Gerra Zibilean eta ondorengo errepresio frankistaren lehen urteetan Donostian gertatukoa azaltzeko eginiko Oroimen historikoaren maparen harira, Oroimen historikoaren ibilbideak antolatu ditu Giza Eskubideen sailak.
Gaur goizean egin dute lehen ibilbidea, eta hamar herritar bildu dira San Telmo Museoaren atarian, bertatik abiatu baita txangoa. Aurrez, hori bai, gerra aurreko testuinguruan kokatzeko, museoko erakusketa iraunkorra ikusi dute, Donostiaren eraldaketa, bizimodua, eta garapen soziokulturala nolakoak izan ziren jakiteko.
Behin kokatu ondoren, Salamanka pasealekuan egin dute lehen geldialdia, eta Kursaalari begira jarri dira. Izan ere, atxilotze gune bat moldatu zuten bertan. Leire Otero, gidariak azaldu duenez, gainerako herrietan bezalaxe, atxiloketa masiboak egin zituzten Donostian ere. Hamabi kartzela edo atxilotze gune egon ziren hirian, guztiak leporaino beteak; Ondarretako kartzelan, adibidez, 800 pertsona sartzen zituzten. Komandantzia militarra (egungo Goikoa jauregia), Loiolako kuartela, Prim kaleko eta Ategorrietako babes etxeak edo hainbat hotel eta taberna ere atxoilotze gune bilakatu zituzten; Zubieta kaleko Hotel Continental edo Bulebarreko La Opera taberna esaterako.
Oso erraza zen kartzelara sartzea; edozein aitzakia nahikoa zen. Eta ondoren, fusilatua izatea edo ez izatea, unean uneko soldaduaren araberakoa izan ohi zen. Sarritan, gainera, libre geratu zirela esaten zitzaien familiako kideei, eta presoak fusilatu egiten zituzten. Groseko tabernari baten kasua izan zen. Falangista talde batek arratsaldea tabernan pasa ondoren, ordaindu gabe joan nahi zuen, eta tabernariak aurre egin zienez, atxilotu egin zuten. Egun gutxira aske utzi zutela esan zioten bisitan joandako ilobari, baina duela urte gutxi aurkitu zituzten bere gorpuzkinak Hernanin, bertan fusilatua izan baitzen.
Herritarren arteko liskarrak eta salaketa faltsuak ere ugari izaten ziren. Ondorioz, bildur askoko garaiak izan ziren. Hori izan zen Maria Hernandez Irurzunen aitonaren kasua ere. Errepublika zalea zen, eta 46 urte zituela, salaketa baten ondorioz, Ondarretako kartzelara eraman zuten. Hamabost egunetara Txikierdin fusilatu zuten; Añorga eta Usurbil artean. Hamasei urte besterik ez zituen Mariaren aitak, eraildako aitaren gorpua ezkutuan besoetan hartu eta Polloeko hilerrira eraman zuenean. Urte askoan, hildako sendiaren zerrendan ez da Mariaren aitonaren izenik agertu.
Orain, urteak pasa ondoren, Maria Hernandezek informazio gehiago duela uste du: “gure etxean ez zen gai horretaz hitz egiten. Nire aita gu oso gazte ginela hil zen. Gure aita, aitonari gertatutakoaren ondorioz nolabait markatuta, seinatua bizi izan zen beti”.
Hernandezen aitak bazekien nork salatu zuen bere aita. Gainera kargu publiko bat lortu zuen udaletxean, eta sarri salatzailearekin topatzea egokitu zitzaion. “Garai zailak izan ziren. Aitona fusilatu egin zuten, aita bizitza osoa isilpean bizi izan zen, baina ni oso harro nago nire aitona eta aita izandakoarekin”.
1936ko uda
1936ko irailaren 13an amaitu zen gerra Donostian, baina uztailetik aurrera tentsio handiko egunak bizi izan zituzten. Maria Kristina hotela gatazka gunea izan zen, bertan babesten baitziren soldaduak. Gaur egun, oraindik agerian ditu bala zuloak Okendo plazara ematen duen hormak. Ibilbidearen hirugarren geldialdia egin dute bertan, eta gudaren nondik norakoak kontatu dituzte.
Beldurra eta errepresioa ziren nagusi, eta matxinadaren aldeko edozein ahalegin isiltzen zuten. Komunikabideak eta informazioa ere tresna baliagarriak ziren, eta ondorioak pairatu zituzten. Laugarren geldialdia Garibai kaleko 32. zenbakian egin dute, Frente Popular egunkaria zegoen lekuan. Errepublikaren aldeko egunkaria zen, eta gerrak iraun zuen bitartean argitaratzen zuten, bonbardatu zuten arte. Gauza bera gertatu zen Igeldoko Union Radioko antenarekin ere.
Giro horretan, asko izan ziren hiritik inguruko herrietara alde egin zuten familiak ere; 60.000 biztanletatik erdiak geratu ziren hirian. Bisita gidatuan parte hartu duen emakume batek ere gogoan du bere senarraren familiak nola alde egin zuen. Bulebarrean bizi ziren, gatazka gunean bertan, eta Aiara alde egin zuten. Handik Getarira eta ondoren, Azkainera.
Familia asko suntsiturik geratu ziren: aitak frentean, amak etxean eta seme-alabak erbestean; Errusiara edo Frantziara eramaten zituzten ume gehienak. Horretaz gain, gosetearen ondorioak eta ondasunen lapurretak ere sufritu zituzten. Izan ere, frankismo garaian matxinadaren aurka egin ez eta hiritik alde egin zuten goi edo erdi mailako hainbat familiari ondasun guztiak kendu zizkieten.
Ondorio horietako hainbat Goikoa jauregiaren parean frankismo garaian fusilatuak edo garrotez erailak izan ziren 400 donostiarren aldeko eskulturaren parean aztertu dituzte. Leire Oterok berak, amonaren esanak ekarri ditu gogora. Amara Zaharrekoa zen bere amona, eta gerra garaian gosetearen ondorioz ez zela katurik geratu kontatzen omen zuen.
Emakumeak eta errepresioa
Emakumearen parte hartzea asko aldatu zen gerra aurretik eta ondoren. II Errepublika garaian boto eskubidea, zibil ezkontza eta beste hainbat eskubide lortu zituzten. Lantegietan ere gero eta emakume gehiago aritzen zen lanean. Baina gerrak aurrera pauso guztiak eten zituen.
Guda garaian parte hartze ezberdina izan zuten emakumeek. Gehienei gainerakoei laguntzeko ardura jarri zieten; erizain lanetan gehienak. Baina horretaz gain, izan ziren gudan aktiboki parte hartu zutenak ere, Egiako Kaxilda Mendez, esaterako. Elvira Zipitriaren plakaren aurrean egin dituzte emakumeen inguruko gogoetak, Parte Zaharrean.
Bi orduren ostean, San Telmo Museoaren atarian amaitu da ibilbidea. Han Fernando Sasiain izan dute gogoan, errepublika garaiko alkate izan zena.
Amaitzeko, parte hartzaile bakoitzak bisitaren inguruan eta Oroimen Historikoren inguruan gogoeta bat idazteko aukera izan du. Izan ere, ibilbidea zazpi gunetan banatua badago ere, parte hartzaileen artean hainbat gogoeta sortu dira, eta ibilbide osoan zehar gaiaren inguruan solasean aritu dira, historiako unerik gogorrenak eta hunkigarrienak gogora ekarriz sarri.
“Oroimen historikoa berreskuratzearen alde egiten den lan guztia oso baliagarria dela uste dut; niri asko lagundu dit behintzat”, esan du Maria Hernandezek eta ibilbidea bera izan arren, hurrengo larunbatean ez duela hutsik egingo agindu du.
Azaroaren 15a arte, larunbatero egingo dituzte Oroimen Historikoaren ibilbide gidatuak; 11:00etan euskaraz, eta 17:00eta gazteleraz.



