Lourdes Blanco, Sustapeneko Merkataritza arduraduna; Josu Ruiz, Garapen ekonomikoko zinegotzia; eta Lourdes Lazaro, Donostia Sshopseko kidea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Urtearen amaiera baino lehen amaituko dute azterketa.
Egia eta Amarako merkataritza guneak aztertuko ditu udaleko Sustapen sailak. Erosteko eta aisialdirako guneak indartzeko neurriak bilatu nahi dituzte. Oinezkoen ibilbideak, irisgarritasuna, eskaintza aniztasuna…izan daitezke neurri horietako batzuk.
Gainera, auzo bakoitzaren izaera kontuan izanik, merkataritza eredu berriak garatu nahi dituzte. Horretarako, auzo bakoitzeko elementu bereziak kontuan izango dituzte.
Egiaren kasuan, hiriko langabezia tasa gainditzen dutenez, ahalegin berezia egingo dute Ekonomia Sustatzeko Planaren bitartez. Gainera, Tabakalerak sor ditzakeen aukerak aprobetxatuz sormenari lotutako jarduera ekonomikoa sustatu nahi dute.
Amaran, berriz, azken urteetan saltoki edo lokal asko itxi direla ohartu dira; 2013ko datuen arabera, jarduera ekonomikoak %2a egin du behera. Merkataritza ikuspegitik auzoa erakargarriago bihurtzea dute helburu. Horretarako bere osotasunean aztertuko dute, eta saltoki txikiak ahaztu gabe, merkatal gune handiak merkataritza dinamizatzeko motore bihurtu nahi dituzte, Arcco eta Illunbe esaterako.
Donostia Sshopsekin hitzarmena diru laguntzak lortzeko
Udalak eta Donostia Shopssek Eusko Jaurlaritzaren Hirigune programaren bidez, -lehengo Merkagune-, hirian zenbait merkataritza jarduera finantzatzeko diru laguntzak eskatzeko hitzarmen marko bat sinatu dute. Honen bidez, bi neurri abiaraziko dituzte tokiko merkataritza ikusgarriago bihurtzeko asmoz. Alde batetik, merkataritza aurkibide bat lantzen ari dira, hainbat aplikaziotan txertatzeko. Eta bestetik, merkatal guneen kokalekua zehazteko ikur bereziak jarriko dituzte hirian zehar. Horietako bat Bretxan jarriko dute, bertan merkatua dagoela adieraziz.
Eusko Jaurlaritzak gehienez ere 51.750 euroko diru laguntza eman dezake.