Poliziak deklaratzen ari dira Jazint eta Xalba Ramirez eta beste 26 gazteen kontrako epaiketan
Segiko kide izatea egozten dieten 28 gazteen epaiketak aurrera jarraitzen du Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ostegunera bitartean, operazio haietan parte hartu zuten Espainiako poliziek deklaratuko dute, lekuko gisa. Gazteak polizien deklarazioak bertatik entzun beharko dituztela erabaki du epaileak. Gazteak eskuak atzean jarrita eta burua makurtuta egon dira polizia hizketan ari den bitartean, eskuburdinak balituzte bezala. Galdetzen dieten bakoitzean, poliziek ukatu egiten dute atxilotuek tratu txarrik edo torturarik jaso zutenik.
Kanpoan, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aurrean, torturaren aurkako protesta egin dute, eskuak lotuta eta burua plastikozko poltsa beltz batez estalita.
“Ez gaude prest torturatu gintuztenen gezurrak entzuteko”, esan zuten auzipetuek iraila amaieran Loiolan egindako agerraldian. Izan ere, torturapean deklaratu izana salatu zuten hainbat gaztek epaiketan.