'Saharako ahotsak: ahanzturaren kontrako erresistentzia' erakusketa zabaldu dute Carlos Santamaria Zentroan
Sahararrek jasaten dituzten giza eskubideen urraketak ezagutu ahal izango dituzte bisitariek.
Okupatutako lurraldeetan bizi direnek baita Tindufeko kanpalekuetan errefuxiatuta daudenek sufritzen dituztenak: bonbardaketak, tortura, desagertzeak, epaiketarik gabeko exekuzioak, pertsonen aurkako minak, hilobi komunak eta autodeterminazio eskubidearen ukazioa dira.
EHUko Hegoa Institutuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, behartutako desagertzeez egin duten ikerketa zabalaren baitan kokatzen da proiektu hau.
Erakusketa urriaren 3tik 20a arte egongo da ikusgai, EHU/UPVko Carlos Santamaria Zentroan (Elhuyar plaza, 2), astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 20:20ra. Bi dokumental hauek ere osatzen dute erakusketa: ‘Egiaren hazia’ eta ‘Oroimenaren lekukoak’. Hilobi komun baten erreplika ere ikusi ahal izango da.
2010ean hasita, Euskal Herriko Unibertsitateko Hegoa Institutuak, Euskal Fondoaren, Tolosako Udalaren, Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntzarekin, lan sakon bat egin du Mendebaldeko Saharan urratutako Giza Eskubideei buruz. Txostena, 2012ko abenduan argitaratua, 261 kasu aztertu zituen ikerlan batean oinarritu da, eta oso elkarrizketa sakonak egin zitzaizkien biktima sahararrei. Iaz, hilobi komun batzuk aurkitu eta gero, Aranzadi Zientzia Elkartea ere parte hartzen hasi zen ikerketan. Auzitegiko medikuez eta ikertzaileez osatutako talde bat antolatu zen: gorpuzkinak hilobietatik ateratzea, identifikatzea eta hildakoak beren senitartekoei itzultzea lortu zuen.