Udal gobernuak herritarrekin egindako bilera. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Urriaren 16an egingo dute zerga eta tasen inguruko ez ohiko udalbatzarra, eta udal taldeek dagoeneko prest dituzte euren proposamenak. Udal gobernuak berea aurkeztu du herritarrei irekitako bilera batean, astelehenean, udalbatzarren aretoan; PSE-EEk, PPk eta EAJk astearte goizean aurkeztuko dute eurena.
Udal gobernuari dagokionez, Juan Karlos Izagirre alkateak eta Ogasun ordezkari Jabi Vitoriak jakinarazi dute zerga eta tasa nagusietan ez dutela igoerarik aurreikusi. Hain zuzen ere, adierazi dute igoerak Kontsumorako Prezio Indizearen (KPI) maila berean aplikatu dituztela legegintzaldian, Bilduren filosofiari jarraituz; bada, uztaileko eta abuztuko urte arteko indizeak gora egin ez duenez, jakinarazi dute zerga eta tasa nagusiak izozteko erabakia hartu dutela. Hauek izango lirateke igoko ez liratekeen zerga eta tasak, beti ere udal gobernuaren proposamenaren arabera: Ogasun Higiezinen Gaineko Zerga (IBI), autoen gaineko zerga, TAO zerbitzua, ura, saneamendua, garabia eta eraikuntza berrien zerga, besteak beste. Hala ere, alkateak nabarmendu du zaila izango dutela euren proposamena aurrera ateratzea, oposizioa “lauzpabost puntutan” ez omen dagoelako ados, “eta gutxiengo gara”, esan du.
Izagirrek berretsi du zergak eta tasak ezinbesteko tresna direla hiriak kalitatezko zerbitzu publikoak izan ditzan, udalak diru sarrera arrunten %40-50 inguru modu horretan jasotzen duelako. Bilduren espirituari ere erreparatu dio, hots, “gehien dutenek gehiago ordaintzea, eta gutxien dutenek gutxiago”. Hori horrela izan dadin, aldundiak erabili ohi duen mailakako printzipioa ezin dutenez aplikatu, alkateak azaldu du udalaren joera hobariak ematea eta murrizketak aurreikustea izan ohi dela, behar gehien dutenei laguntzeko helburuarekin.