Auzitegi Nagusiko helegitea kentzeko eskatu dio Itsas Aurrek udalari
Alderdi politiko guztiei bilera eskatu die Itsas Aurrek, baina momentuz ez dute erantzunik jaso.
Usansolo eredutzat hartuta, “koherentziaz jokatzeko” eskatu die Itsas Aurreko kideek jeltzaleei. Ondo bidean, azaroaren 23an egingo dute desanexioari buruzko galdeketa Usansolon, Galdakaotik bereizi edo ez erabakitzeko. Galdeketa horren alde agertu dira EAJ nagusi den Bizkaiko erakunde nagusiak, Bizkai Buru Batzarra, Batzar Nagusiak eta Galdakaoko udala bera.
Itsas Aurrek prentsaurrekoa eskaini du gaur, eta lehenik eta behin Usansoloko bizilagunak zoriondu ditu, “urte askotako lanaren ondoren, legea eta araudia ez daudela herri borondatearen gainetik” erakusteagatik. Ander Zubeldia, Itsas Aurreko kidearen arabera, “erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubidea da eta ez dago mugarik; zergatik han bai eta hemen ez”.
Erabakitzeko eskubidea ezin dela lurraldearen tamainaren arabera edo biztanle kopuruaren arabera neurtu gaineratu dute, eta igeldotarrek behin eta berriz erakutsitako nahiaren gainetik, “trabak jarri eta prozesua atzeratzea” leporatu die alderdi politikoei.
Bereziki kritiko agertu dira jeltzaleekin, eta Bizkaiko alderdikideen ereduari jarraitzeko eskatu diete. Dena dela, eskaera orokorra izan da: udalbatza osatzen duten alderdi guztiei, Igeldorekiko duten jarrera aldatzeko eskatu die Itsas Aurrek, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian jarritako helegitea kendu dezatela, “Igeldoko udalerriari bere bidea egiten uzteko”.
Momentuz, galdeketan desanexioaren aldeko emaitza atera arren, prozesua etenda dago urtebetez. Urtarrilean amaituko litzateke epe hori, baina Jose Ignacio Galparsorok adierazi duenez, ez dute konfiantza handirik: “orain arteko auzi guztiak ere irabazi ditugu, baina ez dute igeldotarren borondatea eta legeak dioena errespetatu”.
Itsas Aurreko kideek adierazi dutenez, banatze bidea elkarren arteko errespetutik abiatuta egin nahi dute, eta horretarako guztiekin elkarrizketatzeko borondatea erakutsi dute.