'Familiarekin Jolasean' programa abian jarri dute berriz
Badator Udal Haurtxoko Sarean egiten den egitaraua. Naiara Sampedro Gazteria zinegotziak adierazi duenez, programaren helburu nagusia da gurasoak beren seme-alabekin jolastea eta beren denboraren zati bat haiekin pasatzea: “Programa honek jolasa, dibertsioa eta harreman familiarrak sustatu nahi ditu. Jolasek, jostailuek eta senitartekoekiko harremanek haurren nortasunaren garapenean duten garrantziaz ohartarazi nahi diegu gurasoei eta gainontzeko senitartekoei, garapen horretan esku har dezaten”.
Haurtxokoen larunbatetako tarte bat dago programa honetarako. Programa Haurtxoko hauetan gauzatzen da, larunbatetan, 16:30etik 18:30era: Amara; Bidebieta; Egia; Gros; Intxaurrondo eta Martutene. Aietekoan berriz, larunbatetan 16:30etik 18:00etara. Hauek dira familia guztiarentzako prestatu ditugun jardueretako batzuk:
Urrian, Hip Hip Urri programaren barruan, Haurtxoko guztietan hainbat ekintza antolatu dira, besteen artean familen arteko hainbat txapelketa, zientzia tailerra eta mota ezberdinetako eskulanak. Azaroan, Amara eta Gros-eko Haurtxokoetan, Sufrider Foundation elkartearekin batera, Itsasoa urdintzen eta Hiri hondakin artea ekintzak antolatuko dira. Lehenengoan, itsasoko uraren kalitatea ulertzen saiatuko dira jolasaren bidez eta bigarrenean berriz, hondakinak berrerabiliz lan artistikoak sortuko dira.
Abenduaren 3an Euskeraren Egunari loturik, azaroaren amaieran, hainbat ekintza antolatu dira familian gozatu ahal izateko. Eta abenduan, gabonei begira Jarri joko bat zure bizitzan joko eta jostailuen erakusketa didaktikoa egingo da Gros-en eta familiek, hainbat joko eta jolas ezagutzeko, eta haurrekin jolasteko aukera izango dute.