Pier-Paul Berzaitz kantariak idatzitako ‘Ni, Petti buhamea’ lana larunbatean interpretatuko dute, 20:00etan.
Pastoraleko partaideek Kursaaletik abiatuko den desfile bat egingo dute 19:30ean, eta ondoren Juan Karlos Izagirre alkateak ongietorria emango die atarian.
Berzaitzek landu duen istorioa ez da izango benetan bizi izan den pertsona batena. Buhameek (ijitoek) Zuberoan edo bizi izan diren beste lekuetan jasandako egoeraren isla izango da. Petti mutil eder bat da protagonista, herriko familia aberats bateko alabarekin maiteminduta dagoena. Ederra, bai, baina buhame leinukoa, eta Aiñez neskatilaren aitak ez du inondik inora ere entzun nahi familian horrelakorik egotea. Hark, bere eragin eta botereari esker, Petti kartzelan sartzea lortuko du. Presondegitik ateratzen denean, Petti buhamea Baionarat aldenduko da, eta, han, Agosti Xaho zuberotar politikari, idazle eta kazetari ospe handikoaren zerbitzuan jarriko da. Geroago, Euskal Herriko hainbat eta hainbat seme-alabaren gisara, Petti Ameriketara abiatuko da, eta atzerri urrunean zenduko da, sorterria berriro ikusi gabe.
Pier Paul Berzaitzen seigarren pastorala da hau, bera kantari eta kantu egile izanik, bere pastoraletan kantariek protagonismo handia dute. Hala moldatua du
Ni, Petti buhamea pastorala ere, hartan hamar bat kantu sartuz, ia denak berriak. Zuberoako Garindaingo herritarrek interpretatuko dute pastorala.