'Parte Zaharrean Bizi, Euskaraz' programa abian jarriko dute
Ostegunean egingo dute lehen jarduera: Iñaki eta Olatz Beobide solasaldi batean elkartuko dituzte.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak Parte Zaharrean Bizi, Euskaraz egitaraua osatu du udazkenerako. Urria eta abendua bitartean hainbat jarduera egingo dituzte Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak emandako laguntzari esker: Haurrei, haien gurasoei, gaztetxoei, gazteei eta helduei zuzendutako ekitaldiak izango dira, era askotakoak: tailerrak, proiekzioak, forumak, hitzaldiak eta auzoko kulturgileekin topaketa-solasaldiak.
Lehen ekitaldia ostegunean izango da (Urriak 16, 19:00etan). Auzoko Kulturgileekin Topaketa-Solasaldiak egitarauaren barnean Iñaki Beobide-ren ibilbide luze eta oparoa ezagutzeko, eta harekin hitz egiteko aukera izango dute auzotarrek San Telmo Museko Heziketa Tailerrean. Solasaldia bere alabak, Olatz Beobide-k gidatuko du.
Hilaren 30ean, osteguna, Aulki Hutsak dokumentala emango dute, 19:00etan. Heriotza eta doluari buruzko filma da, eta Iker Barandiaranek aurkeztuko du proiekzioa. Kazetaria bera filmean agertzen da. Oraindik ez dute zehaztu non egingo duten proiekzioa.
Gernika Lemoizen dokumental laburra azaroaren 13an emango dute. Mikel Laboaren Lekeitioetako bat Lemoizko testuinguruan lekututa interpretatzen duen dantza flamenko garaikidea du ardatz bideo honek. Bere zuzendariak, Juan Gorostidik, Laboa eta ikonoen eraikuntza hitzaldia emango du (19:00etan, lekua oraindik zehaztu gabe).
Azaroak 26an, asteazkena, Ramon Agirrerekin topaketa eta solasaldia egingo dute. Xabier Etxaniz Rojok gidatuko du saioa. Tokia zehaztu gabe dago, baina saioa 19:00etan hasiko da.
Abenduaren 4an, osteguna, euskarari buruzko bi dokumental emango dituzte: Bidai Intimoak eta Hesiak Gainditzen.