Aurrekontuaren kudeaketa txarra egitea leporatu dio PSE-EEk udal gobernuari
“Bilduk ez dauka hiria abiarazteko gaitasunik. Diru sarrerak handiagoak dira gastuak baino, ez dakitelako zertan gastatu; ez daukate luzera begirako proiekturik esku artean”, esan du Susana Garcia Chueca, zinegotzi sozialistak.
Udalbatzarrerako gaiak lantzeko batzorde informatiboa egin zuten atzo, eta udal gobernuari kontuak eskatu zizkieten; “Parte hartzea bolo-bolo darabilte, baina gardetasuna falta du euren kudeaketa eta lan egiteko moduan. Oposizioko alderdiek behartuta ematen dute euren kudeaketaren berri”, esan du Garcia Chuecak.
Sozialisten arabera, modu honetara jakin dute nolakoa izan den aurtengo aurrekontuaren bilakaera. “Ogasun zinegotziak emandako datuen arabera, 4,4 milioi euroko soberakinarekin bukatuko dute urtea”, esan du zinegotziak.
Bestalde, pasa den astean zerga eta tasei buruz egindako ez-ohiko udalbatzarra aipatuz, udal gobernuak oposizioko alderdiei egindako salaketak gaitzetsi ditu Garcia Chuecak: “Zergak jaitsiz milioi bat euro gutxiago jasoko zituela udalak leporatu ziguten; baina zertarako bildu nahi dute diru gehiago zerga eta tasen bidez, diru hori ez badute inbertitzen?”.



