Herritarren ideiak jasotzeko auzoz auzo joango dira jeltzaleak
Datorren asteartean, urriak 28, Altzara joango dira; Casares kultur etxean jarri dute hitzordua herritarrekin, 19:00etan.
‘Auzoz auzo’ egitasmoa aurkeztu dute gaur jeltzaleek IDEIAgunean, hau da, herritarren ekarpenak jasotzeko ireki berri duten egoitzan, Easo kalean. Eneko Goia, alkategai jeltzaleak auzoz-auzoko parte hartze dinamika bat jarri du abian, “Donostiako etorkizuna diseinatzeko”.
Datorren astean hasiko dira bisitak egiten, eta bertan, herritarren ideiak, proposamenak edo kexak bilduko dituzte. “Herritar, auzo elkarte eta eragileekin bilduko gara, eurak baitira auzoa eta auzoko beharrak hobekien ezagutzen dituztenak”, esan du Goiak.
Lehen bisita Altzara egingo dute, urriaren 28an; Loiolako Erriberara, azaroaren 4an; Martutene, azaroak 5; Gros, azaroak 10; Añorga, azaroak 13; eta Bidebieta, azaroak 18. Topaketak 19:00etan egingo dituzte.
1.256 ekarpen
Auzoz-auzokako bilerekin Easo kaleko egoitzan abian jarritako dinamikari jarraipena eman nahi diote jeltzaleek. Dagoeneko 1.256 ekarpen jaso dituzte post-it bidez. Ideia horiek guztiak gaika sailkatu eta euren webgunean jarri dituzte ikusgai. Goiaren esanetan, “ideia guztiak dira ongi etorriak. Izan ere, gure erronka nagusietako bat donostiarrak kudeaketa publikoaren partaide izatea eta eguneroko udal politikan parte hartzea da”.
Jasotako ideia guztiak aintzat hartuko dituzte hauteskunde proiektua egiteko. Izan ere, Goiaren arabera, “abian jarritako prozesua ez da hauteskunde kanpaina, aurreko fase bat baizik; herritarren ekarpenak jaso eta hiri eredu berri bat eraikitzeko abiapuntua”.
Jasotako ekarpenek erantzuna izan dezaten, Goiak astero erantzungo die herritarren galderei bideoblogaren bitartez.



