Koldo Izagirre: "Immigrante bat berez dago behar ez den lekuan eta orduan"
Gazteei zuzenduriko Dumitru nobela idatzi du Koldo Izagirrek; bi pertsonaia nagusiren bidez, immigrazioaren inguruko hausnarketa egin du.
Ideia oso argiko idazlea da Koldo Izagirre (Altza-Pasaia, 1953). Pentsatzen duena konplexurik gabe bota ohi du, eta gaur goizeko agerraldian ere argi hitz egin du. Euskal Herriko gazte literaturaren egoerak asko kezkatzen du, eta bere liburu berriaren aurkezpenari ekin aurretik, gogoeta sakona eskaini du kazetarien aurrean. “Irakurle gazteek ez dute behar adina tresna liburuak ulertzeko”, aipatu du idazleak. Azken finean, gazte literatura hegan dabil Izagirreren ustetan: “Superprodukzioaren eraginez, liburuak ez du denborarik bere irakurleak topatzeko; segituan hurrengo liburuari lekua utzi behar baitio”. Zurrumilo hori guztia kontutan izanda ere, gazte literaturari ekarpen berri bat egitea erabaki du Izagirrek, Dumitru nobelarekin, Erein argitaletxearen eskutik. “Mutiko bat lasterka, zamarra beltza soinean, leku eta ordu jakin batean. Hori izango da nobela garatuko duen gertaera. Behar ez zen lekuan eta behar ez zen orduan azalduko da. Izan ere, immigrante bat berez dago behar ez den lekuan eta orduan”, azaldu du Izagirrek.
Eskola eta gela berean ikasten duten bi gazte dira Dumitru nobelako protagonistak. “Irakurle posibleek adin berekoak dira pertsonaiak, eta euren kezka berdinak izan ditzakete. Hala, eleberri laburra idatzi du Izagirrek, 73 orrialdekoa: “Hamabi urtetik gorakoentzat liburu egokia dela esango nuke. Gazte batentzat oso garrantzitsua da liburu bat bukatu ahal izatea, eta porrot bat da ez bukatzea”. Edonola, nobelako gertaera ere liburuaren luzerarekin lotua dagoela ziurtatu du: “Apaindurarik gabeko testua da, zuzena eta gordin samarra”.
Dumitru pertsonaia, errumaniatik etorritako etorkina da, eta horregatik bakarrik, lapurtzat joko dute gizartean. Urte batzuen bueltan, Dumitru euskal hiztuna izango da, eta bertakoa, eta Olatzek asko maiteko du. “Gaztetxoek helduon arazoen berri izateko heldulekua izan daiteke; helduok maiz arazoak ezkutatzen baitizkiegu”, azaldu du Izagirrek. Hala, bakardadea eta lan arazoak, metalurgia eta kaleko musikaria izatea moduko kontuak agertuko dira istorioan.
Poesia, ipuina, kronika zein nobela idatzi izan ditu Izagirrek. Gazte literaturako hainbat liburu ere idatziak ditu, Fernandoren heriotza amezketarra, Hortzak galtzen zituen kantaria eta Barriola San Adriango azeria nobelak, besteak beste.