Lasala plazako udal eraikina saltzearen aurka egingo du EAJk
Bretxako egitasmoa aurkeztu zuenean, udal gobernuak Lasala plazako udal eraikina saltzeko asmoa iragarri zuen. Jeltzaleen ustez, ordea, asmo hori “hanka sartze handi bat” da. Horregatik datorren asteko udalbatzarrera eramango dute gaia, eta Udalbatza osoak salmentaren aurkako jarrera hartzea nahi dute.
Iñaki Gurrutxaga, EAJko zinegotziaren arabera, eman beharreko lehen pausoa Espainiako Gobernuarena den solairua erostea litzateke. Hala, eraikin osoa udalarena litzateke, nahi bezala erabiltzeko.
Jeltzaleen ustez, Lasala plazako udal eraikinaren erabilpen egokiena kontzesio bidezkoa da. “Horrela udalak ez luke jabetzarik galduko eta, luzarorako diru sarrerak bermatuko lituzke gainera. Bitxia da benetan, ezkerrekoa dela aldarrikatzen duen gobernu batek zenbateko presa duen eraikin publiko bat saltzeko”, gaineratu du Gurrutxagak.



