
Hiriko hainbat auzo elkartetako ordezkariak bildu dira udaletxean, barrutiei buruzko iritzia emateko. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Datorren asteko udalbatzarrean,
oposizioko alderdiek adostutako barrutien araudiari lehen onarpena emango diote. Araudi horren bidez hiria lau barrutitan banatzea adostu dute, eta Altzako barrutia legealdia amaitu aurretik jarri nahi dute abian.
Gaur, ordea, hiriko 20 auzo elkartetako hainbat ordezkari bildu dira udaletxean euren iritzia emateko. Ez daude ados hiria barrutietan banatzeko prozesuarekin, eta herritarrak ez dituztela kontutan hartu salatu dute: “Herritarren partaidetza funtsezkoa da hiriari, eta zehazki gure auzoei eragingo dieten erabakiak hartzeko garaian. Horregatik, ez gaude ados herritarrekin eztabaidatu gabe hiria lau barrutitan banatzearekin”, adierazi du Eider Obeso, Morlanstarrak auzo elkarteko kideak. “Hiria barrutietan banatzea derrigorrezkoa dela diote, 2003ko lege batek hala behartzen duela, baina harrigarria iruditzen zaigu, orain arte neurririk hartu ez izana eta hauteskundeen atarian gaudenean, presaka araudi bat prestatzea”, gaineratu du Felix Perez, Aieteko Lantxabe auzo elkarteko kideak.
Auzo elkarteetako kideak oso pozik agertu dira, barrutien gaiak guztiak elkartzeko aitzakia eman dielako, eta herritarrak “ez daudela lo” adierazten omen du horrek. Barrutien eztabaidak herritar guztiei eragiten diela nabarmendu dute, eta halako erabaki bat herritarrei galdetu gabe hartzea ez dela zilegia esan dute. Horregatik,
datorren asteko udalbatzarreko gai ordenetik barrutien gaia kentzeko eskatu dute. Badakite lehen onespenaren ondoren hilabeteko epea dutela zuzenketak aurkezteko, baina euren ustez, epe hori ez da nahikoa. Gainera, abiapuntua da aldatu beharrekoa: “Ez dugu erabaki bat zalantzan jarri nahi, herritarren artean eztabaida lasai eta irmo bat sortzea nahi dugu, gaiak hala eskatzen duelako. Hiriaren kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeari buruz, erakundeak auzoetara hurbiltzeari buruz, eta herritarrek hiriko erabakietan eta bizitzeko nahi dugun hiri ereduari buruzko dugun iritzia eman nahi dugu”, esan du Obesok.
Zentzu horretan, “
herritarrok autodefentsa tresnak behar ditugu, politikoek nahi dutena eta nahi dutenean erabaki ez dezaten“, esan du Arkaitz Aranburu, Amarabai auzo elkarteko kideak, eta “horretarako herriari galdetzea ezinbestekoa da, parte hartzea kulturaren zati izan dadin, eta ez eslogan bat”.

Eider Obeso (Morlanstarrak auzo elkartea) eta Felix Perez (Lantxabe auzo elkartea). (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Auzoen izaera zalantzan
“Mahai gainean duten
barrutien araudiak auzoak inolako ordena eta irizpiderik gabe banatzea ekarriko luke, auzo bakoitzaren izaera eta beharrak kontuan hartu gabe”, esan du Obesok. Lantxabe auzo elkarteko kideak, adibidez, Aieteko kasua aipatu du: “Mendebaldeko barrutian, Antigua, Benta Berri, Aiete-Miramon, Añorga eta Zubieta batu nahi dituzte, eta gaur egungo egoeran, zerikusi gutxi edo batere ez daukagu gainerako auzo horiekin, Zubietarekin esaterako”.
Udaletxean bildutako 20 auzo elkartetako ordezkariek adierazi dutenez, hiria nola antolatu behar den alderdi politikoek erabakitzea “goitik beherako demokrazia baten isla da”. Felix Perezen arabera, berriz, eurek eskatzen dutena alderantzizkoa da: “behetik gorako eredua, herritarrek erabakitako.
Hiria puntu kardinalen arabera zatitzea eragiketa matematiko sinpleegia da“. Perezen arabera, gainera, urtetako lanaren ondorioz lortu dute auzoak, auzo elkarteak eta auzoetako herritar eta eragileen arteko sareak eraikitzea, eta “erabaki politiko batek ezin du guzti hori hankaz gora jarri”.
Altza
Altzako kasua berezia dela onartu dute. “Altzak nortasun, gizarte eta ekonomia errealitate propioak ditu, eta altzatarrei beren interesen kudeaketan modu aktiboan parte hartzeko aukera emango dien irudi bat bilatu beharra dago.
Altzak kudeaketa organo propio bat behar du, baina Altzan barruti bat edo antzeko zerbait sortzeak ez du esan nahi hiriko gainerako eremuak ere aldatu behar direnik”, adierazi du Felix Perezek.
Hauek dira, gaurko agerraldia babestu duten auzo elkarteak: Morlanstarrak auzo elkartea, Amara Berri auzo elkartea, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, Altza XXI Herri Ekimena, Herripe auzo elkartea, Amarabai auzo elkartea, Lantxabe Aieteko bizilagun elkartea, Uliako auzo elkartea, Intxaurrondo Zaharreko bizilagun elkartea,Ondarpe Groseko auzo elkartea, Añorga Txikitarrak auzo elkartea, Sarroeta auzo elkartea, Martutene, Agrupacion Comunidades Poligono Bera Bera, Errondoko auzo elkartea, Lan Berri Txomin-Enea, Urumea Ibaia auzo elkartea, Egia Bizirik, AVERIL, Loiolako Erriberako auzo elkartea, Igeldoko Herri Kontseilua, Zubietako Herri Kontseilua.