Gonzalo Tejada: "Film baten moduan osatu dut diskoa"
Groseko kontrabaxu-jotzaileak Marilyn Monroeri eskainitako lan bat kaleratu du, Norma Jeane Baker izenburupean, jazz doinuekin.
Errabal zigiluari esker, bere laugarren diskoa kaleratu du Gonzalo Tejada Groseko kontrabaxu-jotzaileak: Norman Jeane Baker. Diskoan berak sortutako bi abesti bakarrik sartu dituen arren, bere lanik onena dela uste du musikariak, eta bere gehien sentitzen duena. Guztira, jazz estiloko zortzi kantek osatzen dute diskoa, eta Marilyn Monroe aktore ezagunari eskaini dio; hortik diskoaren izenburua, bere benetako izena. Disko instrumentala da, Mikel Andueza, Roger Mas eta Iago Fernandezekin osatu duen laukotearekin egina; eta abesti batzuetan, String Chamber Orchestra harizko oskestraren laguntza ere izan du. Entzuleek abestiak jarraian entzutea nahi du Tejadak: “Film baten moduan osatu dut diskoa. Dena jarraian entzun beharko litzateke, ez zatika. Abestien hurrenkera eta bakoitzaren aportazioa ongi pentsatua dago”. Hala, grabaketak egitean, gainontzeko musikariei azalpen musikalak eman beharrean, zinemako aginduak ematen zizkiela esan du, eszena bat imajinatzeko eskatuz, esaterako.
Diskoko abesti gehienak Marilyn Monroeren filmeetatik hartutakoak dira, Tejadaren estilora moldatuak. “Nire emaztea eta biok 1940 eta 1950eko filmeen oso zaleak gara; astero pelikula bat ikusten saiatzen gara”, azaldu du musikariak. Hala, duela bi urte eta erdi sortutako ideiaren ostean, diskoa kaleratzea lortu du. “Ez da disko alai bat, baina umore ukituak ditu, eta baita igoerak ere”.
Oraindik ez dakite zuzenekoak emateko aukera izango duten, baina orkestra osoarekin gutxienez hirian emanaldi bat ematea gustatuko litzaiokeela onartu du Tejadak.

