Lehenengo Barne Berdintasun Plana onartuko du udalak
Tokiko Gobernu batzordeak ostiralean onartuko du agiria, udal administrazioak lan arloan berdintasuna berma dezan.
Langileen aukera berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatzeko batzorde teknikoan adostu dute udaleko lehen barne Berdintasun Plana, LAB, CCOO eta Erne sindikatuen ordezkarien parte hartzearekin batera. Gaur aurkeztu dute plana, eta guztiak agerraldian izan dira. Nekane Burutaran, Giza Baliabideetako zinegotziak eskerrak eman dizkie batzordekideei egindako lan aktiboagatik: “Plan hau talde lanaren emaitza da, eta alderdi hori azpimarratu nahi dut bereziki, baita agiri honen gain lortu den adostasuna ere, gai honetan aurrera egin ahal izateko bide orria izango baita. Errealitateak erakusten du lege esparru bat izatea ez dela nahikoa egiazko berdintasuna lortzeko, beraz, plan honen bitartez, eredu izan nahi dugu, eta atzeman ditugun genero arloko hutsuneak arintzen lagundu nahi dugu”.
Plana onartutakon kanpaina bat egingo dute, administrazioko langile guztiek ezagutu dezaten. Giza Baliabideen Zuzendaritzak planaren jarraipena eta ebaluazioa egingo du. Burutaranek zehaztu du planean sartu diren helburuen artean zeharkako jarduera zehatzak daudela, baita hainbat arlotan sustatuko diren jardun positiborako neurriak ere: enplegua, kontratazioa, mugikortasuna, prestakuntza, sustapena, ordainsari sistema, kontziliazioa eta lan arloko segurtasuna eta osasuna. Emakumeen eta gizonen artean oreka handiagoa lortu nahi dute horrela. Kontratuetan ere berdintasun klausulak sartuko dituzte.
Naiara Sampedro, Berdintasuneko zinegotziak gogora ekarri du joan den apirilean onartutako III. Berdintasun Planak helburu nagusien artean zuela barne jardunerako plan bat egitea, genero arrazoiengatik gertatzen diren diskriminazioen diagnostikoak hobetu beharreko datuak eman zituelako. “Udal hau ez da salbuespena gizartearekin alderatuz. Horregatik, plan bat landu nahi izan dugu neurri zehatz batzuekin, gizonek eta emakumeek eskubide eta betebehar berberak dituzten argazki bat lortzen lagun diezagun”.
Joan den urteko datuen arabera, udal langileen artean bereizketa bat dago, horizontala nahiz bertikala. Emakumeen eta gizonen arteko desoreka jada nabarmena da zenbaki absolutuetan. Udaletxean, guztira, 1.328 pertsonak lan egiten dute; haietatik 811 gizonak dira, eta 517, emakumeak, hau da, 294 laguneko tartea gizonen alde.
Bereizketa horizontalari dagokionez, badira zuzendaritza maskulinizatuak (langileen % 60tik gora gizonak), eta baita zuzendaritza feminizatuak ere (% 60tik gora emakumeak). Langileen sexu banaketan desoreka handiena duten zuzendaritzak Udaltzaingoa (366 pertsona), % 68 gizonak dira, eta suhiltzaile zerbitzua dira (114 pertsona), % 94 gizonak dira.
Feminizatuen artean daude Gizarte Ongizatea (115 pertsona), non langile taldearen % 80a emakumea den, eta Lehendakaritza (48), non % 83a emakumea den. Gizarte Sustapenaren Zerbitzuak ere (103 pertsona) emakume gehiago ditu, Hirigintzan eta Lege Zuzendaritzan bezalaxe.
Zuzendaritza orekatuenak langileen sexuaren banaketari dagokionez hauek dira: Giza Baliabideak (emakumeak % 53) eta Euskara Zerbitzua (emakumeak, % 57).
Bereizketa bertikaleko postuak gizonek erantzukizun, ospe eta ordainketa handiagoa duten postuak izan ohi dira. Dena den, prestaketa apaleneko postuak ere gizonenak dira. Beraz, udaletxeko langile taldeko emakumeak erdi mailako postuetan daudela esan daiteke. Gizonak, berriz, maila bakoitzeko postu apalenetan eta gorenetan egon ohi dira.
Lanpostuen banaketa honek ondorioak ditu ordainsari politikan. Batetik, kontziliazio neurrietara biltzen diren langileen % 83 emakumeak dira. Mendeko pertsonak zaintzeko, eta ondorioz, lan utzialdiak edo murrizketak ere emakumeek eskatzen dituzte gehien, beraz, ordainsaria murriztu egiten zaie. Bestetik, gizonek soldata osagarri gehiagoz gozatzeko joera dute, esate baterako, jardun bereziagatiko osagarria.