San Bartolomeko indusketek agerian utzi dituzte garai bateko komentuaren eta elizaren aztarnak
Arkeolan Fundazioak hilabete bukaerara arte jarraituko du ikerketa lanetan, eta hirigintza proiektua bere horretan mantenduko dute.
San Bartolome Muinorako hirigintza plan bat hitzartua dago, baina aurretik, indusketa lanak bukatu behar dituzte. Arkeolan Fundazioko kideak inguru horretan lanean ari dira abuztutik, eta indusketetan topatutakoaren berri eman dute gaur goizean, kazetarien aurrean. Lanek agerian utzi dituzte leku hartan egondako komentuaren eta elizaren aztarnak, eta hasieran 1.800 metro inguru ikertu beharko zituztela uste zuten arren, ia 3.000 metro koadrora iritsi dira. “Ez da gerora begira gordeko den ondasuna izango, baina garrantzitsua da bertan egon zen aktibidadearen berri ematen digulako. Dokumentu idatzietan jaso ez dugun hori, arkeologiari esker jaso dugu”, azaldu du Garazi Lopez Etxezarreta aldundiko Kultura saileko arduradunak.
Komentua 1250 urtea baino lehen eraiki zuten, baina aurkikuntza gehienak XVII. eta XVIII. mendekoak dira, orduan eraikina berreraiki behar izan baitzuten, hainbat gerra erasoren ondoren suntsitua izan zelako. Hala ere, topatutako hilobiak X. eta XIII. mendeen artekoak direla uste dute. Aurkikuntzei esker, jada desagertutako komentu osoaren benetako planoa osatuko dute. “Arkeologiak dituen ezaugarriak liburu bat bezala dira, baina orri bakoitza irakurtzeko arkeologoek industu egin behar dugu. Desagertzen da, baina informazio guztia jasotzea dugu”, azaldu du Mertxe Urteaga Arkeolaneko zuzendariak. Hala, hiriaren ezagutza historikorako zenbait datu garrantzitsu lortu dituztela diote.
San Bartolomen edozein obra egitea blokeatuta zuten epaitegiek, bertako harresiak, bainuetxeak eta komentuak zuten babes mailagatik. Iazko abenduan, ordea, udalak egitasmo bat aurkeztu zuen, hirigintza eta babesa uztartuz. Hala, behin aztarnak ikertuta, hirigintza proiektuak aurrera jarraituko du, hotel bat eta parke publiko bat eraikitzea aurreikusten duena, hain zuzen ere.
San Bartolome Muinorako plangintza berrian aldundiak ezarri zituen egin behar ziren lanen irizpideak. Izan ere, 1997an ustezko arkeologia gune izandatu zuten, eta bertan edozein hirigintza lan egin aurretik, lan arkeologikoak egitera behartzen du legeak, eta aldundiak horien erdia ordaindu behar du. Ikerketa lanek gastu handia suposatu dutela azaldu dute, bai San Bartolome Muinoa enpresarentzat baita aldundiarentzat ere. Hala, 2007 eta 2008ko indusketetan 585.734 euro gastatu zituzten, horien erdia aldundiaren diru laguntzen bidez. 2014an, berriz, 200.000 euro inguruko gastua egin dute.
Fasez fase egindako lana
Lehenengo fasean eliza induskatu zuten, eta aztarnak baloratu ondoren, zenbait egitura gorde egin zituzten. Hala, etxe berriak egitean, parkean jarriko dituzte topatutakoak. Bigarren fase batean, elizaren eremua hondeatu zuten, eta hirugarren fasean, behin Espainiako Poliziaren kuartela bota zutenean, monastegiaren klaustro osoa aztertu zuten. Eraikinen azternek, ordea, ez dute balio monumental adirik adituen arabera, eta garai hartako eraikinak hirian bizirik daudela gogorarazi dute, San Bizente eta Koruko Andra Maria elizak, esaterako. Topatutako txanponak, zeramikak, eta beste erramintak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailura eraman dituzte.
Aztarnen artean, komentuaren oinplano karratuko klaustro nagusia topatu dute, alde bakoitzak 17 metroko luzera duelarik. Erdiko patioaren barrualdean, bederatzi metroko sakonera duen putzu bat aurkitu dute, eta espazio hori inguratzen duen galeria bat, besteak beste. Bestetik, XVIII. mendeko elizaren zati bat ere aurkitu dute, baita hilobiak ere. Momentuz, 21 hilobi identifikatu dituzte; eta horietako asko taldea-ehorzketak izan zirela ondorioztatu dute.
Bisita gidatuak herritarrentzat
Oraindik ere, urriaren 31 arte jarraituko dute ikerketa lanetan, eta aurkikuntzak herritarren artean sor dezakeen interesaren jakitun, bisita gidatuak egingo ditu Arkeolanek, gaur, bihar eta etzi. Bisitak euskaraz zein gazteleraz egingo dituzte eta Arkeolanen webgunean kontsulta daitezke ordutegiak. Bisitarako erreserbak telefonoz egin behar dira, 675 70 41 92 zenbakira deituta.