Nafarroa hiribideko bidegorria. (Argazkia: Lide Ferreira)
Datorren astetik aurrera, 5.000 ale banatuko dituzte kultur etxeetan, bizikleta dendetan, turismo bulegoan eta Udalinfon.
Hiriko bidegorri sareak 60 kilometro ditu, eta datozen hilabeteetan sare hori hedatzea da udal gobernuaren helburua. Bizikletaren erabiltzaile kopurua ere haziz doala adierazi du Jon Albizu, Mugikortasun zinegotziak. Horregatik, hiriko bidegorrien mapa eguneratua argitaratu dute.
Bidegorrien berri emateaz gain, etorkizunean eraikitzeko asmoa duten bidegorriak ere ageri dira, Bera Bera, Egia, Añorga Txiki edo Garbera eta Altza lotuko dituen bidegorria, esaterako.
Jon Albizu, Mugikortasun zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Horrekin batera, dBiziren 12 geltokiak eta aurki egokituko dituzten beste lau berriak ere ageri dira. 30 kilometro orduko guneak eta hiriko 21 bizikleta dendak ere nabarmendu dituzte mapan, auzoz auzo kokatuta.
Zehaztasun hauek guztiak ematez gain, Albizuren arabera, mapa berri honen helburua bizikleta erabiltzaileen eta oinezkoen arteko bizikidetza hobetzea da. Horretarako, maparen atzealdean bizikletan egoki ibiltzeko araudia jarri dute. Arau horien artean bat nabarmendu du Albizuk: “bizikletek arauak bete behar dituzte, mugikortasun lagunkoi eta iraunkor baterako osagai izatea nahi badugu; bizikletek ezin dute espaloitik joan, horixe da lehen araua, espaloiak oinezkoentzako baitira soilik”.