Udalbatzarrean 50 gaitik gora eztabaidatu beharko dituzte
oposizioko alderdiak aretoa utzi zutelako. Hortaz, hileko azken osteguna izaki, bihar egingo dute urriko udalbatzarra, eta aurrekoan landu gabe geratu ziren gai guztiak ere eztabaidatu beharko dituzte. Horregatik, 50 gaitik gora eta 15 bat mozio landuko dituzte. Alderdien agerraldiak laburtu badituzte ere, saioa gau arte luzatzea aurreikusi dute.
Dena dela, alderdiek agerraldiak egin dituzte gaur, eta biharko udalbatzarrean landuko dituzte hainbat gai nabarmendu dituzte.
BILDU
Txomin Eneako hirigintza plana da udal gobernuak aurkeztuko duen gaietako bat. Izan ere, uholde arriskua gutxitu eta 424 etxebizitza publiko eraikitzea ahalbidetzeko, 22,7 milioi euro bideratzea proposatu dute, eta Udalbatzak bere iritzia eman beharko du.
Altzako Plan Orokorraren aldaketa, hau da, Altzako kiroldegi berria egiteko beharrezko aldaketa ere eztabaidatuko dute. Herreraren biziberritzea eta Miramonen ikertzaileentzako egoitza-hotel bat egiteko egitasmoa ere landuko dituzte, beste hainbat gairen artean.
EAJ
Jeltzaleek aurkeztutako gaien artean, Lasala plazako eraikina ez saltzearen aldeko mozioa nabarmendu du Eneko Goia bozeramaileak. Oposizioko beste bi alderdiak ere jarrera horren aldekoak dira, beraz, udal gobernuaren asmoei aurre egitea lortuko dutela uste dute.
Memoria historikoaren kontseiluaren onarpena ere eramando dute udalbatzarrera. Izan ere, jeltzaleen arabera, “kontseilu hori ezinbestekoa da memoria historikoa aldebakartasunez landu ez dadin”.
Indarkeriaren mapari dagokionez, Goiaren arabera, “lehentasunezko gaia izan behar luke indarkeria jasan duten herritarren izen eta abizenekin erregistro bat osatzea; plakak non eta nola jarri bigarren mailako eztabaida da”.
Hiriko mantenu lanak, Arteleku Tabakaleran txertatzea, eta Carlos I.aren etorbidea ere hizpide izango dituzte.
Kale izenen euskarazko izenak ofizial egitea ere eztabaidatuko dute bihar. Hala ere,ia izen guztien aldaketa adostu dute dagoeneko. Goiaren arabera, “hilabete honetan egindako lanak erakutsi du Izagirrek egoskorkeria hutsez jokatu zuela; hitz eginez gero adostasunak lortzen dira”.
PSE-EE
Sozialistek, berriz, bi gai nabarmendu dituzte. Batetik, Bretxako merkataritza gunearen biziberritzea. Ernesto Gasco bozeramaile sozialistaren arabera, oraindik posible da Arrandegia eraikineko jarduerari bultzada bat ematea, “borondatea badago”. Bretxako kokalekua ostalaritza eta aisialdirako “oso egokia” dela uste du Gascok, eta udal gobernuaren egitasmoa berraztertzeko eskatuko dute.
Bigarren gaiak berriz, gainerako taldeen adostasuna lortzea espero dute sozialistek. Izan ere, udan Altza eta Herrerako hainbat familiak izan dituzten zailtasunak azterturik, oinarrizko elikadura beharrak dituzten haurren egoera aztertzeko ikerketa txosten bat egitea proposatu dute, hiriko ikastetxeekin elkarlanean.
PP
Popularrek 13 mozio aurkeztu dituzte. Oposizioko gainerako alderdiekin bat datoz hainbat gaietan: barrutien behin behineko onarpenean eta Lasala plazako eraikina ez saltzearen aldeko jarreran, esaterako.
Kale izenen kasuan, ez dute aldeko botorik emango Fuenterrabia kaleari izena aldatu eta Hondarribia kalea jartzeko, adibidez. Dena dela, EAJ eta Bilduren aldeko botoarekin eta PSE-EEren abstentzioarekin aldaketa hau onartzea espero dute.
Indarkeriaren mapari dagokionez, hildako 102 donostiarren omenezko plakak jartzearen alde egingo du PPk.
Bestalde, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitza Donostian mantentzeko eskatuko dute berriro. Eta Musika Hamabostaldian Kultura Ministerioaren ekarpen ekonomikoa eta parte hartzea onartzeko eskatuko diote udal gobernuari: “Alkateak ez du Madrildik datorren dirurik nahi, eta bihar horixe leporatuko diogu”.
Iraileko udalbatzarra bertan behera geratu zen kale izenen gaia landu behar zutenean,