Eusko Jaurlaritzari eskumenak erreklamatu eta konpromisoak bete ditzala eskatu diote.
Erregistro Zibil publiko eta doakoa aldarrikatu dute. (Argazkia: Lide Ferreira(
Justizia Administrazioko LAB, ELA eta CCOO sindikatuek elkarretaratzea egin dute Egiako epaitegian, erregistro zibil publiko eta doako baten alde. Izan ere, Espainiako ministro ohi Alberto Ruiz Gallardonek erregistro zibila pribatizatzeko plan bat jarri zuen abian, eta ministro berria bide beretik jarraitzen duela salatu dute. “Plan hau atzera bota arte borrokatzen jarraituko dugu”.
Era berean, Eusko Jaurlaritzari gogorarazi diote dagozkion eskumenak erreklamatu behar dituela eta baita hartutako konpromisoak bete ditzala ere. “Uda bukaeran sindikatu guztiak Erkorekarekin bildu ziren, eta langileen lanpostuen zerrenda bermatuta zegoela esan zigun. Hori praktikan jartzeko zer egin duen jakin nahi dugu”, adierazi du ELAko Alex Agotek. Arratsaldean Justizia Sailburuak Eusko Legebiltzarrean agerraldia du. “Erregistro Zibilak zerbitzu publikoa izateari eustekoa; kaltetuta atera daitezkeen lanpostu guztiak mantentzekoa”.
Hiritarren interesen aurka
Bixen Fernandez loiolatarra. (Argazkia: Lide Ferreira)
Bixen Fernandez loiolatarrak Donostiako erregistro zibilean egiten du lan, eta pribatizazioari buruz jendeak informazio eskasa duela salatu du. “Herritarrak ez dira egoeraz konturatzen ari; pribatizazioak suposatuko duenaz. Gure datu guztiez jabetuko dira: herentzia baten informazio guztia izango dute, adibidez”. Hiritarren onerako ez dela izango gehitu du, eta Justizia arloko eremu hau pribatu bihurtzeak beste eremu batzuetan ere eragingo duela uste du.