Harkaitz Canok irabazi du Euskadi saria haur eta gazte literaturan
Orkestra lurtarra liburuarekin lortu du saria Donostiako idazleak, bere ibilbidean hirugarrena da jada.
Elkar argitaletxearekin kaleratu zuen, baina aurrez Berria-ko ‘Mantangorri’ gehigarrian argitaratu zuen atalka. Jokin Mitxelena donostiarra da liburuaren ilustratzailea, eta Manuren istorioa kontatzen du, zeinak orkestra bat sortu nahi duen. Lagunen bila abiatuko da, eta horrela topatuko ditu Lurrinetti anaiak, bi ‘t’-rekin, tronpeta jotzeaz gain Presidente izeneko ahuntz bat dutenak, eskailera gainera igotzen dena; Aldika izeneko biolin-jotzaile bat, aldika besapeetan azkura izaten duena; Osoki deritzan triangelu-jolea, bere tresna gainean pausatzen den kardantxilo eta guzti; Crocanti izozki-saltzaile eta kontra-tenorea… Canok, horrenbestez, hirugarren aldiz eskuratu du Euskadi literatur saria. 2005ean, Belarraren ahoa lanarekin eskuratu zuen, eta 2012an, Twist nobelarakin.
Saiakeran, Joseba Gabilondok (Urretxu, 1963) lortu du saria, New York-Martutene lanagatik. Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik argitaratu zuen Joseba Gabilondo irakasle eta literatur kritikariak New York-Martutene. Euskal Postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz liburua. Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberria (2012) xehe-xehe aztertzen du, eta azterketa horretatik abiatuta oraingo Euskal Herria behatzeko klabe berriak ematen ditu. Gabilondoren ustetan, Martutene da euskal literaturako eleberri gailena, garrantzitsuena eta kalitatezkoena, eta euskal kanonaren ardatz bihurtzera deitua. “Eleberri horrek lehena eta geroa berrikusteko perspektiba berria ematen digu: euskal XX. mende luzea (1898-2012) abertzaletasunak definitua (Arana, ETA) eta globalizazio neoliberalaren krisiak (2008) amaitua. Saizarbitoriak mende horretan ‘galtzailearen kultura euskaldunak’ izan duen zentraltasuna esplikatzen digu. Bertatik abiaturik, XXI. mende hasi berria ulertzeko, bizitzen hasteko, utopia postnazional bat ere ematen digu Saizarbitoriak, era ezkorrean bada ere, XX. mende joanean ainguratutako euskal burgesia dekadente baten erradiografiaren bidez”.
Ilustrazioan, Habiak lanak Maite Gurrutxagari eman dio Euskadi saria. Amezketako sortzaileak estreinakoz irabazi du Euskadi saria, ilustrazioaren atalean. Habiak lana Dejabu Panpin Laborategiarekin batera ondu zuen, eta iaz argitaratu Txalapartarekin. AHTko trenbidea eraikitzeko etxea kendu dioten Simon baserritarraren eta Balkanetako gerretatik ihesi Euskal Herrian bizitokia hartu duen Selma errefuxiatu bosniarraren arteko istorioa kontatzen du Habiak-ek.
Gaztelerazko saiakeraren atalean, Jon Juaristik irabazi du Euskadi saria, Espaciosa y triste lanarekin.