Ingurumen ginkanak egingo dituzte Groseko haurtxokoan eta Amarako gaztelekuan
Udaleko Gazteria sailak Surfrider Foundationekin bat egin dute hezkuntza egitasmo honetan.
Naiara Sampedro Gazteria zinegotziak zehaztu du garapen iraunkorrari buruzko hezkuntza egitasmo baten barruan kokatzen dela ekimena: “Haur eta nerabeentzako saioak izango dira, izan ere, oso inportantea da ingurumenaren inguruko kontzientzia txikitatik sortzea eta ekimen hau horretara dator; ingurumenari buruzko gai zehatzak landuko dira, haur eta gazteek ingurumeneko gai bat ezagutu, ulertu eta horren inguruan ekin ahal izateko ikuspegi ezberdinak jorratuko dira”.
Groseko Haurtxokoan, azaroaren 5, 7, 12 eta 14ean, arratsaldez, 6 eta 12 urte bitarteko haurrekin uraren kalitatearen gaia jorratuko da Surfrider-en eskutik, 4 saio didaktikoz osatuta dagoen programaren bitartez, eta hurrengo gaien inguruko ezagupenak ikasiko dituzte: Uraren kalitatearen analisia; uraren kontsumoa murrizteko jarrera egokiak; uraren egoera ekologiko ona lortzeko 11 adierazleak…
Zurriolako hondartzara ere joango dira uraren kalitatea gertutik ezagutzeko. Ondoren, haurrak adierazpen artistikoaren bidez taldeka, adierazleei buruzko instalazio artistiko bat sortuko dute etxeko hondakinak berrerabiliz eta teknika artistiko ezberdinak erabiliz (collage, pintura, eskultura, marrazketa).
Amarako Gaztelekuan, azaroaren 13, 20, 26 eta abenduak 4ean, arratsaldez, 13 eta 17 urte bitarteko nerabeekin 4 saiotan zehar, itsasertzean klima aldaketak duen eraginaz arituko dira. Surfrider-en eskutik hurrengo gaien inguruko ezagupenak ikasiko dituzte: Itsasertza eta bere ezaugarriak; itsasoaren mailaren igoera; Itsasertzeko uholdeak; Itsasertzeko babespen estrategiak; etab.
Bigarren saio batean Gipuzkoako Kostak zerbitzuko teknikari batek Gipuzkoan 2014ko otsaileko denboraleak eragindako kalteen konponketa lanei buruz hitz egingo du.
Eta hirugarren eta laugarren saioetan nerabeek Zazpi T’erdi ikus entzuneko ekoizpen etxearekin batera eta Surfrideren laguntzarekin, Donostian zehar kale inkesta bat egingo dute klima aldaketaren eraginei buruzko hiritarren iritzi, kritika, gomendio, eta hobekuntzak bideo kamerarekin grabatuz.
Bi jarduera hauetaz gain, Groseko Haurtxokoan azaroaren 22an, 17:00etan, eta Familiarekin Jolasean programaren barne, guraso zein haurrek Surfriderek antolatutako “Hiri Hondakin Artea” tailerraz gozatu ahal izango dute. Hondakinen bilketa egin, eta denok batera, familian, hauei erabilpen artistikoa emango diete arte lan bat eginez.