Behobia-Donostiak 30.000 partaide baino gehiagorekin ospatuko du 50. urtemuga
Ibilbide aldaketa izango da aurtengo berrikuntza nagusia, eta lasterketaren bezperan festa ireki bat egingo dute Konstituzio plazan.
Gutxi dira munduan mende erdiko ibilbidea duten lasterketak, Fortuna Kirol Elkarteko kideen esanetan. Beraz, zein baino zein harroagoa egin dute gaurkoan 50. Behobia-Donostiaren aurkezpena. Urtero legez, azaroko bigarren asteburuan egingo dute Behobia eta Donostia arteko bidea partaideek, zaleen txalo eta animo artean. Zehazki, 30.701 lagunek eman dute izena 2014ko lasterketarako; patinatzaileak 221, eta elbarriak 66 (Handbike 22, gurpildun aulkiak 15 eta besteak 29). Ibilbide aldaketaz etengabe hitz egiten ari dira partaideak, eta Iñigo Etxeberria antolakuntzako kideak esan duenez, ezin dute ziurtasunez jakin ea aurrekoa baino azkarragoa den: “Orain artekoa baino luzeagoa izango da, benetako 20 kilometro izango baititu. Irteera 700 metro aurreratu dugu, eta 140 metro gehiago izango ditu ibilbide berriak. Lezoko goiti beherak kentzean, lasterketa azkarragoa izango dela dio jendeak, baina benetan 164tik 192ra igaroko da malden desberdintasuna. Bukaera gogorragoa izango da, beraz, Kaputxinoetara indarrez iristea komeniko da”. Honakoa izango da ibilbidea: Behobia-Irun-Bentak-Gaintxurizketa-Lintzirin-Errenteria-Kaputxinoak-Pasaia-Mirakruz Gaina-Gros-Bulebarra.
Noski, 50. lasterketa berezia izatea nahi dute antolatzaileek, eta ospatzeko jaialdi bat egingo dute lasterketaren bezperan, azaroaren 8an, 18:30ean. Hala, Konstituzio plazan, musika, ikus-entzunezkoak, protagonistak, janaria, edaria, brindisa eta tarta izango direla ziurtatu dute. “Jaia denentzako irekia izango da, eta urdaiazpikoa, tarta eta kaba egongo dira, bukatu arte”, aipatu du antolakuntza taldeko Fernando Ibarretak.
Azken urteetan bezalaxe, ordea, Behobia-Donostiak asteburu osoa hartuko du. Ostiralean, 12:00tan, Anoetako Belodromoan Korrikalariaren Azoka irekiko dute; aurten, ordea, estadioan jaso beharko dituzte dortsalak partaideek. Aldi berean, Easo kaleko 2016 Gunean lasterketaren aurkezpen ofiziala egingo dute. Bertan, lasterketaren 50. urtea ospatzeko egin duten ikus-entzunezko berezia emango dute lehen aldiz. Babesleak, erakundeetako ordezkariak, lagunak eta prentsa egongo dira gonbidatuak.
Ondoren, larunbatean, 15:30ean, VIII. Behobia Txikia jokatuko dute, 13 urte arteko haurrek. Partaideek 50 metro eta 1.200 metro arteko ibilbideak egingo dituzte, adinaren arabera. Anoetako Estadio Txikian lehiatuko dira 2.800 haur.
I. Behobia Gaztea, berriz, igandean jokatuko dute, 9:30ean. 14 eta 18 urte arteko gaztetxoei zuzendua dago, eta 225 partaide izango ditu. Guztira 4’4 kilometroko ibilbidea egingo dute korrikalariek, Herreratik helmugara.
Arantza Ezkerrori omenaldia
Goi mailako hainbat korrikalari azaroaren 9ko lasterketan izango direla ziurtatu dute antolatzaileek: Gizonezkoetan, Rafa Iglesias, Carles Castillejo, Pablo Villalobos, Marc Roig, Alejandro Martinez, Pedro Nimo, Sergio Roman, Alberto Revuelta Jaume Leiva, Jon Garraus eta Ricard Fernandez, eta emakumezkoetan, Claudia Behobide, Helena Royo, Vanessa Veiga eta Itsaso Leunda.
Orokorrean hartuta, lehen aldiz, 6.000 emakume baino gehiagok parte hartuko dute, partaidetzaren %20 hartuz.
Bestetik, iazko azaroan hildako Arantza Ezkerro korrikalari nafarrari omenaldia egingo diote, lasterketa hasi aurretik. Irudiak eta musikak ez dute hutsik egingo, eta bere gertukoek hitza hartuko dute.
KONTUTAN HARTZEKOAK:
- Euskotren eta Renfe trenen ordutegiak Behobia-Donostiaren aplikazioan kontsultatu daitezke.
- Ekialdebus errefortzua izango da, Errenteria, Lezo eta Pasaiako bizilagunak irteerara eramateko.
- Gaintxurizketara autoz ezingo da gerturatu, trena erabiltzea gomendatzen dute.
- IRTEERAK: Gurpildun aulkiak 9.30, patinatzaileak 9:40, korrikalariak 10:00-11:30.
- SARI BANAKETAK: Gazteak 10:00, gurpildun aulkiak 10:30, nagusiak 11:10, elbarriak gainontzeko sari banaketak amaitzean.
- Uneoro berrituko dute Behobia-Donostiaren webgunea, lasterketa jokatzen duten bitartean.
- Eskuko telefonoetarako Run loc aplikazioari esker, dortsalaren edo izen abizenen bidez, uneoro partaide bakoitza zehazki non dagoen jakiteko aukera egongo da.