Ignacio Txillida: "Gure aitari egin geniezaiokeen oparirik onena da"
Eduardo Txillidaren eskulturen Katalogo Arrazoitua osatu nahi zuen artistaren familiak, eta Kutxari eta Nerea argitaletxeari esker, bildumako lehen liburukia argitaratu dute.
Nazioartean son handia lortu zuen artista ezaguna da Eduardo Txillida, zalantzarik gabe. Eskultore donostiarra, 2002ko abuztuan hil zen, eta haren familiak sekulako gogoa izan du beti bere eskulturak katalogatzeko. Izan ere, nazioarteko museo, galeria eta bildumetan sakabanaturik dago Txillidaren lana. Orain, familiaren ekimenez, eta Kutxaren eta Nerea Argitaletxearen babesari esker, Eduardo Txilliaden eskulturak katalogatuko dituzte, liburu bilduma batean. Zehazki, Katalogo Arrazoitua bost liburukik osatuko dute; gaur lehenengoa aurkeztu dute, eta urtez urte gainontzeko liburuak argitaratzen joateko asmoa dute arduradunek. Ignacio Txillidak, artistaren semeetako batek, azaldu duenez, lehenago ere egon dira katalogoak osatzeko saiakerak, baina ez dute aurrera ateratzea lortu; gaurkoan, ordea, pozik agertu da egindako lorpenarekin: “Gure aitari egin geniezaiokeen oparirik onena da”.
Lehen argitalpenean, 400 orrialde ingurutan, Eduardo Txillidak 1948 eta 1973 urteen artean egindako obren azterketa zehatza jaso dute. Guztira 274 obra egin zituen, material desberdinak erabiliz, hala nola, altzairua, brontzea, harria, alabastroa, marmola, zura eta buztin errea. Ignacio Txillida eta Alberto Cobo arduratu dira zuzendaritza zientifikoaz, eta pieza katalogatu bakoitzari informazio zehatza jarri diote; materiala, neurria, jabea… Gainera, Kosme de Barañano arte historiako kritikariaren azterketak irekitzen du argitalpena: “Benetan Txillida burdinaren eskultorea da, baina, batez ere, materiaren hutsarena eta isiltasunarena”. Hala, Txillida Frantzian bizi izan zen garaian egindako lan guztiak bildu dituzte, baita bere jaioterrian eta Hernanin emandako astapenak ere.
60 urteko lana
Hiruzpalau urte lana egin behar izan dute liburuaren egileek euren ametsa egia bihurtzeko, baina aurretik ere lan asko egina zuten. Izan ere, Eduardo Txillidaren obraren inguruan 60 urte baino gehiagotan egindako domumentazio lanaren emaitza da gaur aurkeztu duten liburukia. Galeria, enkante etxe, museo eta bildumagile partikular askorengana jo behar izan dute, dokumentazioa osatzeko. Gainera, katalogoan sartu dituzten datu guztiak egiaztatu behar izan dituzte.
Argitalpena, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez egin dute, eta dagoeneko salgai jarri dute.