Maite Berzosa eta Andoni Egaña, Imanol Oroituz Elkarteko kideak. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Imanol Oroituz jardunaldien azken ekitaldia aurkeztu dute, artistaren 10. urtemugan.
Hamar urte dira Imanol Larzabal musikaria (Antigua, 1947-2004) hil zela. Haren izena eta izana “dagokion tokian jartzeko” sortu zituzten Imanol Oroituz jardunaldiak. Maite Berzosa (Intxaurrondo, 1946) eta Andoni Egaña (Antigua, 1947) dira jardunaldi hauen bultzatzaileetako batzuk, eta haiek hartu dute hitza Imanol Oroituz jardunaldien hamargarren ekitaldian.
Urtemuga berezi honetan kontzertu bat, erakusketa bat, dokumental baten emanaldia eta afari bat egingo dute. Azaroaren 6an, osteguna, erakusketa inauguratuko dute Lugaritz kultur etxean, 19:00etan.
Imanolen argazkiak, objektu pertsonalak eta haren bizitzaren eta musika ibilbidearekin lotutako hainbat pieza bilduko dituzte. Sigfrido Kochek Imanoli egindako bi erretratu (bere diskoetako azal bihurtu zirenak) eta Argia dantza taldeko kide izandako argazki bat ikusteko aukera izango da. Bi artelan ere bai: Ruiz Balerdik Imanolentzat egindako grabatu bat eta Zumetaren margolan bat. Imanolen kapela, lepokoa eta betaurrekoak ere bai. Hainbat dokumentu bitxiren artean ikus daiteke Imanolek Paristik bidalitako eta eskuz idatzitako postal bat. Azaroaren 16a arte izango da zabalik erakusketa.
Erakusketa inauguratu ondoren, 20:00etan,
Imanol, 10 urteko ausentzia dokumentala proiektatuko dute. Pausokak ekoiztutako ikus-entzunezko honek Imanolen ingurukoek eta taula gainean egin zituen lagunen testigantzak jasotzen ditu. Sarriren ihesaldia, Yoyesen omenaldia eta Imanolen gainbehera aztertzen ditu dokumentak honek, besteak beste. Bere arreba Maritxu, Felipe Juaristi, Amaia Zubiria, Iñaki Eizmendi eta Karlos Jimenezek parte hartu dute lan honetan.
Azaroaren 8an kontzertu bat egingo dute, Lugaritz kultur etxean, 20:00etan.
Ainara Ortega, Amaia Zubiria, Andoni Egaña, Arantza Irazusta, Karlos Jimenez, Mikel Andueza, Niko Etxart, Pascal Gaigne, Txema Garces eta Xabier Euskitze izango dira kantuan. Amaitzeko, kontzertua bukatzerakoan, lagun arteko afari bat egingo dute Antiguako Txirain elkartean. Afarirako txartela eskuratzen duten guztiek kontzerturako doako sarrera eskuratuko dute.
Hamar urteko bidea bukatuko dute
Aurtengo jardunaldien aurkezpenean, duela hamar urte hasitako bidea amaitzeko ordua iritsi dela adierazi dute Maite Berzosak eta Andoni Egañak: “Izugarria izan da urte hauetan guztietan egin duguna, eta asko eskertzen dugu jasotako laguntza guztia. Baina hamar urte bete dira jada, eta etapa hau amaitutzat emango dugu”. Jardunaldion ardatza kantua izan dela gogoratu du Berzosak, eta Imanolen kantuak eta oroimenak elkartu dituela: “Esan ohi da pertsona bat ez dela hiltzen norbaitek gogoratzen duen bitartean, eta guk jardunaldi hauetan argi ikusi dugu Imanol plaza eta bihotz askotan dagoela”.