Tartakaden auziko zigorrak berretsi ditu Espainiako Auzitegi Gorenak
Bi urteko eta urte bateko espetxe zigorrei eutsi diete epaileek Mugituko lau kideren kontra, Yolanda Barcinaren aurkako “atentatuagatik”.
Espainiako Auzitegi Nazionalak 2013ko azaroaren 27an plazaratu zuen bere sententzia: bi urteko espetxe zigorra ezarri zien Mugituko kide Julio Villanueva, Gorka Ovejero eta Ibon Garciari, Okzitaniako Tolosan Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari tartakada bana emateagatik; eta urte batekoa, berriz, Mikel Alvarez donostiarrari, konplize izateagatik. Abiadura handiko trenaren aurkako protesta egin zuten lau kideek helegitea aurkeztu zuten, baina Espainiako Auzitegi Gorenak ez du onartu, eta Auzitegi Nazionalaren erabakia berretsi du.
Mugituko kideen errugabetasun presuntzioa ez zela urratu ebatzi du Auzitegi Gorenak. Erakunde horrek erabaki du, halaber, Okzitanian auzia ikertu izanak ez duela Auzitegi Nazionalean egindako prozesua baliogabetzen. Isunen aurkako helegitea ere bazter utzi du Auzitegi Nagusiak. 900 eurokoa zen Villanueva, Ovejero eta Garciarentzat, eta 300 eurokoa Alvarezentzat. Gainera, Barcinaren akusazio partikularreko gastuak ordaindu beharko dituzte Mugituko kideek.
Berria / Edurne Elizondo