Txominen egindako eraiste lan batzuk. (Argazkia: Donostiako Udala)
Txomin Eneako hirigintza proiektua egiteko datozen urteetarako diru kopuruak zehaztu dituzte gaurko udalbatzarrean. EAJk beste modu batean banatu nahi zituen partidak, eta horretarako emendakin bat aurkeztu du. Zuzenketak ez du aurrera egin, Bildu eta PSE-EEren kontrako botoen ondorioz, baina, proiektuaren “balio estrategikoa” ikusita, udal gobernuak proposatutako urtez urteko aurrekontua adostu dute aho batez.
Diru kopuruak banatzeaz gain, hirigintza proiektuarekin zerikusia duen beste akordio baten berri eman dute. Izan ere, lanen jarraipena egiteko batzorde bat osatuko dute. Bi hilabetero bilduko da, eta auzotarrak bertan egongo dira ordezkatuak.
EAJk aurkeztutako emendakinaren harira, Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek nabarmendu du Bilduren proposamenarekin Iberdrolaren azpi-estazio elektrikoa egiteko dirua bermatuko dutela. Datozen lau urteetan 22 milioi inguruko inbertsioa egitea aurreikusi dute Txomin Eneako hirigintza proiektuan, urte bakoitzerako aurreikuspen ekonomiko bat zehaztuz. Hala, adostutako proposamenaren arabera, 2015ean 400.000 euro erabiliko dituzte, eta inbertsio handiena, 2017an egingo dute: 14 milioi euro. 2017rako gordetako diru kopurua handiegia dela ikusita, EAJk zuzenketa aurkeztu du, dirua modu orekatuago batean banatzeko, beti ere “lanak bermatu ahal izateko”. EAJko bozeramaile Eneko Goiaren asmoa zen datorren urterako 3,8 milioi bideratzea, Bilduk proposatutko 400.000 euroak beharrean. Burutaranek, ordea, azaldu du ez duela zentzurik gastatuko ez den diru bat bideratzea, lanak hasteko oraindik hainbat pauso gelditzen direnean. Horrenbestez, udalak dirua behar duela izan azaldu du, proiektuarekin lotura zuzena duten zenbait esku hartze egiteko; Iberdrolaren azpi-estazio elektrikoa, kasu. “Txomineko lehen 900 etxebizitzak egiten dituztenean, azpi-estazio horrek bizilagunek argi indarra izan dezaten bermatuko du, Egiako estazioak ez baitu gaitasunik”, esplikatu du Burutaranek.
Laster osatuko dute hirigintza proiektuaren lehiaketarako baldintza-agiria. Orain arte, Burutaranek jakinarazitakoaren arabera, udalak 11,5 milioi euro gastatu ditu eraiste lanekin, bizilagunen bizitoki aldaketekin eta lurren erosketekin, besteak beste.