Urumea Garbi jarduera. Haritzaldek antolatu ohi du. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak ingurumenaren alorrean lanean ari diren irabazi asmorik gabeko elkarteen diru laguntzak onartu ditu gaur goizean. Ingurumen departamentuak 22.500 euro bideratuko ditu orotara, iazko kopuru bera, eta diru hori hamabost elkarteen artean banatuko dute. Axier Jaka Ingurumen zinegotziak azaldu du ingurumenaren alorrean lanean ari diren elkarteak babestea dela diru laguntza hauen helburua: “Bi atal dituzte diru laguntza hauek; batetik, elkarte horien funtzionamendura bideratutako atala, eguneroko gastuei aurre egin diezaioten, eta, bestetik, martxan dituzten programa bereziak garatzera bideratutako atala, azken honi dagokionez, aurten lehentasuna izango dutelarik hondakinen, bioaniztasunaren eta klima aldaketaren alorreko programak”.
Axier Jakak elkarte hauen lana nabarmendu eta goraipatu du: “Udal gobernu honentzat lehentasunezko gauza da elkarte hauek babestea eta bere ekimenak sustatzea herri mugimendu sendo bat bultzatzeko hainbat arlotan, baita ingurumenaren arloan ere”.
Diru laguntzak jasoko dituzten hamabost elkarteak honakoak dira: Donostia Bizirik, Eguzki, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Kalapie, Seo Birdlefe Donostia, Hirugarren Adina Hirugarren Mundurako, Altza XXI Herri Ekimena, Añorga Kultur eta Kirol Elkartea, Aranzadi, Emaus Fundazioa, IZBE-Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea, Lleno de Naranjas, Surfrider, Uliako Auzo Elkartea eta Unesko Etxea.