Morlansen gaur bertan jarri dute konpostatzeko gunea. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Udalak hiru auzo gehiagotara hedatuko du auzo konposta egiteko aukera. Morlans, Ibaeta eta Martutene auzoetan azarotik aurrera konposta sortzeko guneak izango dira, hondakin organoetatik abiatuta. Morlansen gaur bertan ezarri dute konpostatzeko gunea, Leire plazako etxeen atzealdean, mendiaren aldera, eta beste bi auzoetan, datorren astean jarriko dituzte; Ibaetan Tolosa etorbidean, Angela Figera plazaren parean, eta Martutenen, Irasmoene eta Goizueta kaleetako gurutzaketan. Ezartze fase berri honen atzean konpromiso politikoa dago, hala nola, auzo konposta dagoeneko abian duten auzoetan ekimenak izandako erantzun ona; Añorgan, Igeldon, Zubietan eta Aieten. Orain arte, konpostatzeko gune horietan zazpi tona konpost lortu dituzte 23 bat tona biohondakin tratatu ondoren. Beste 16 tona biohondakin konpostatzeko prozesuan daude.
Hirian, 2012an jarri zen auzo konposterako lehen gunea, Añorga Txikin, hain zuzen. Harrezkeroztik, auzo horretako 18 familiak konposta egiten dute etxean sortzen duten materia organikoa erabiliz. Hurrengo urtean, hiru gune gehiago jarri ziren; Igeldon, Zubietan eta Aieten.
Proiektu hori gauzatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntza eman du, hondakin gutxiago sortzeko aurrera eramaten duen politikaren barruan. Programan interesa duten auzotarrek azaroaren 17a baino lehen izena eman behar dute Udaleko Ingurumen Bulegoan (ingurumena@donostia.org-ren bidez, Cristina-Eneako Mandasko Dukearen jauregian edo 943 483390 telefonoan). Parte hartzen duten familiei ikastaro bat emango zaie, eta etxean materia organikoa bereizteko beharrezko tresnak banatuko. Parte hartzaileek beti jo ahal izango dute udalaren laguntzaile teknikoengana, aholku bila, konpostatzean aditu bihurtu arte.