Pasaiak Donostiako hainbat lur eskatuko dizkio aldundiari
Pasaiako Udalak udalerriaren muga historikoak ezartzeko eskatuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiari datorren asteartean, “Pasaiarekiko zor historikoa behingoz kitatzeko”. Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzara hurbilduko dira Pasaiako ordezkariak, 11:00etan, ekimen honen berri emateko.
Pasaiak Altza, Intxaurrondo, Herrera eta Bidebietari eragiten dieten eremuak eskatzen ditu; 11.000 metro karratu guztira; eta baita Uliako 50 hektarea ere. Horrenbestez, Donostiari eragiten dio bete-betean eskaerak. Iazko urriko udalbatzarrean, PPk erakunde adierazpen bat aurkeztu zuen egungo mugak mantentzeko, eta Pasaiari eskaera gehiagorik ez egiteko eskatu zuen. Proposamena onartu zuen Udalbatzak, PP, PSE-EE eta EAJren botoei esker. Bilduk abstentzioaren aldeko hautua egin zuen.
Gaur egun, Pasaiak eta Donostiak bi kale partekatzen dituzte; Pasai Antxoko Eskalantegi kalea eta Trintxerpeko Azkuene kalea.