Hegoaldeko mazela egonkortzeko aurretiko lanak egiten hasiko dira bihar Urgullen
Prestaketa lanen ondorioz, Apaizen pasealekua, Zuloaga plaza eta Trinitate plazako sarrerak itxi egingo dituzte.
Urgull mendiko mendi mazela egonkortu aurretik egin beharreko prestaketa lanak egiten hasiko dira bihar, ostirala. Joan den astean onartu zuten EUROESTUDIOSek egindako proiektua, eta hala, Apaizen pasealekua, Zuloaga plazako sarrera, Trinitate plaza, Damen bateria eta Orixe ikastolaren ingurua hartuko dituzten lanak lizitaziora aterako ditu udalak.
Betidanik erori izan dira harkaitz zatiak inguru horretan, batez ere, euri garaietan. Horrenbestez, ingurua ahalik eta gehien egonkortzea da lan hauen helburua. 331.273,47 euroko kostua izango dute, eta udaberriaren hasieran amaitzea aurreikusi dute.