Urarekin lotutako paisaiak bildu ditu Maite Unzurrunzagak
Bere bidaiak oinarri dituen erakusketa zabaldu du Zarauzko artistak, Parte Zaharreko Ekain Arte Galerian.
Bidaiatzen duenean Maite Unzurrunzagak beti daramatza gainean akuarelak, koaderno bat, eta argazki kamera. Hala, bisitatutako tokiak margolan txiki bihurtzen ditu, eta ondoren, lan horiekin eta argazkiekin margolan handiak sortzen ditu, bere tailerrean. Azken bi urteetan hainbat paisaia margotu ditu, ibaien ondoan, eta gai horren inguruan osatutako erakusketa jarri du Parte Zaharreko Ekain Arte Lanak galerian. “Erakusketak gai bakar baten inguruan egitea dut gogoko. Zarauztarra izanik itsasoa eta kaiak maiz margotu izan ditut, beraz, ibaietara igarotzea pentsatu nuen. Londresen Tamesisen olio batzuk egin nituen; New Yorken egon nintzenean Manhattan margotu nuen, urrutitik ikusita, erdian ura zuela; Parisen Moneten lorategietan egon nintzen, eta jende asko zegoenez arkatzarekin apunte batzuk hartu nituen eta handik igebelarrak atera dira; Frantziako Pirinioetan erreka oso polit batzuk ikusi nituen, eta tamaina handiko olioak egin ditut”, azaldu du artistak. Urumea ibaia ere margotu du, Donostiatik igarotzen.
Arkitektoa da Unzurrunzaga, eta jada erretiroa hartuta, bere zaletasunarentzako denbora gehiago du. “Hiru urte dira honetan guztiz aritzen naizela, arkitektura utzita”. Paisaiak margotzea beti izan du gogoko, baina aniztasunaren barruan: “Hiriko paisaiak egin izan ditut, etxeak eta kaleak, jendea… buruari eragin eta arte kontzeptuala egiteko denborarik ez dut izan”.
EKAIN ARTE LANAK.
- ZER. Maite Unzurrunzagaren margolanekin osatutako erakusketa.
- NON. Ekain Arte Lanak galeria. Parte Zaharreko Iñigo kaleko 4. zenbakian.
- NOIZ. Abenduaren 13a arte.
- ORDUTEGIA. Asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara.