Kontraste taldeko Lurdes Egia, Partaidetza zinegotzi Axier Jaka, eta Amaia Agirreolea Partaidetza zuzendaria. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Abenduaren 1ean, astelehena, herritarren aurrean azalduko dituzte araudi berriaren edukiak; saioa udaletxeko udalbatzar aretoan egingo dute, 18:30ean.
Tokiko Gobernu Batzordeak Herri Galdeketen Erreglamendua onartu du gaur. Horrekin batera, Parte Hartzeari buruzko 2007ko Arau Organikoa ere aldatu dute, galdeketen artikulua txertatzeko.
Axier Jaka, Partaidetza zinegotzia, Amaia Agirreolea Partaidetza zuzendaria eta Lurdes Egia, Kontraste taldeko kideak aurkeztu dute araudi berria. Hainbat herritar eta eragilez osatutako Gizarte Eztabaidarako Taldeak aurkeztutako araudi proposamena du oinarrian gaur onartutako agiriak. Jakak adierazi duenez, “ez da udal gobernuaren proposamen bat izan, herritar, eragile eta gainerako alderdi politikoek egindako ekarpenekin osatutakoa baizik”.
Zentzu horretan, “gaur aurkeztutako emaitza oso garrantzitsua bada ere, honaino iristeko egindako bidea da garrantzitsuena. Lehen aldia da araudi bat sortzeko prozesuan parte hartzeko aukera eskaini zaiena herritarrei; lan honek bildu gaitu herritarrak, eta oso aberasgarria izan da. Herritarrok eragile politiko aktibo gisa jokatzeko gogoa dugula erakutsi du prozesu honek”, esan du Lurdes Egiak.
Bi urtetako lana
Udal gobernuak demokrazia zuzenean sakontzeko eginiko apustuaren emaitza dela galdeketen araudia esan du Jakak, “behetik gora eginikoa”. Bestalde, herri kontsultak erabakiak hartzeko “tresna iraunkorrak” izatea nahi du Partaidetza zinegotziak, “herritarrek erabaki publikoetan parte hartzeko normaltasun osoz erabiliko dutena”.
2012ko azaroan hasi zen udal gobernua demokrazia zuzena lantzen.
Montevideoko (Uruguai) nazioarteko foroan parte hartu zuten Donostiako ordezkariek, beste hainbat herrialdetako esperientziak ezagutzeko.
2013ko urrian, eremu lokalean parte hartze zuzena nola bideratu behar zen eztabaidatzeko jardunaldiak egin zituzten
Miramar Jauregian.
Maiatzean Bildu, PSE-EE eta EAJko ordezkariak
Suitzan izan ziren, bertako sistema politikoa ezagutzeko.
Ekainean, Gizarte Eztabaidako Taldea osatu zuten. 50 pertsonak osatu zuten taldea, udal talde politiko guztietako ordezkariak tarteko.
Kontsulta sistemaren elementu nagusiak zehaztu eta horietan sakondu zuten Miramar Jauregian egindako lau saiotan. Lan horren emaitza herri galdeketen oinarrizko dokumentua izan zen, urriaren 1an aurkeztu zutena.
Irailean, berriz,
Kontraste taldea sortu zuten. 15 kideko talde honek kontsulten eta gobernuaren eta Erakunde Eztabaidako mahaiaren jardunaren jarraipenaren eredua zehazten du.
Urrian eta azaroan
Erakunde Eztabaidako taldea aritu da araudi berria eztabaidatzen. Hasiera batean udal talde politiko guztietako ordezkariak zeuden taldean, baina PP atera egin zen. Hiru saio egin dituzte, araudi zirriborroari ekarpenak eta aldaketak egiteko. Gaur bertan egin dute azken saioa, eta udal gobernuak Tokiko Gobernu Batzordean onartutako behin betiko testua aurkeztuko die gainerako taldeei.
Gaur onartutako agiria abenduko udalbatzarrean landuko dute. Jakak adierazi duenez, gainerako taldeek prozesuaren hasieratik erakutsitako jarrerari eta konpromisoari eustea espero dute, beraz, behin behineko onarpena ematea aurreikusten dute abenduaren 18an. Ondoren, herritarren zuzenketak jasotzeko hilabeteko epea zabalduko litzateke, eta azkenik,
otsaileko udalbatzarrean behin betiko onarpena emango litzaioke Donostiako herri galdeketak egiteko lehen araudiari.
[box]
Galdeketen araudiaren ezaugarri nagusiak
Araudi berriak 43 artikulu ditu. Amaia Agirreolea, Partaidetza zuzendariak horietako batzuk nabarmendu ditu:
-Herri galdeketak udal eskuduntzari dagozkion gaien ingurukoak izango dira soilik.
-Udal gobernuak edo beste alderdi politiko batek dei dezake galdeketa bat. Eta baita herritarrek ere. Kasu honetan bi aukera leudeke. Batetik, gutxienez 18 urtetik gorako hiru herritarrek osatutako sustapen batzorde batek. Edo hiriko entitate batek.
-Galdeketak hiri mailakoak edo lurralde mailakoak izan daitezke. Hiri mailakoen kasuan, bertan erroldatutako herritarren %4aren onarpena beharko luke deialdiak. Hau da, 6.500 bat sinadura.
Lurralde mailakoetan araudiak ez du zehazten eremua. Hau da, Agirreoleak azaldu duenez, gaiaren arabera auzo bat izan daiteke, edo bi edo hiriko eremu zehatz bat. Kasu hauetan, eremu horretako herritarren %8aren onarpena beharko litzateke proposamenak aurrera egiteko.
-Galdeketak proposatzeko nahiz bozka emateko 16 urtetik gora eduki behar dira.
-Legealdi batean ezingo da gai beraren inguruan bi aldiz galdetu. Eta legealdi aldaketa suertatzen bada, bi urte itxaron beharko dira berriro gai berataz galdetzeko.
-Auzo bakoitzean gutxienez bozka emateko gune bat egokituko dute. Eta sistema mistoa erabiliko dute: presentziala eta ez presentziala.
[/box]