'Bakearen Usoa' Saguesera eramango dute
Urte bukaeran mugituko dute; kokapen zehatza aztertzen ari dira udala.
Itsasertzera itzuliko da Nestor Basterretxea artistaren eskultura, berak beti nahi izan zuen moduan. Juan Karlos Izagirre alkateak Giza Eskubideen Batzordean eta Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordean hala proposatuta. Abenduaren 10eko Nazioarteko Giza Eskubideen Egunaren harira hartutako erabakia da, Basterretxearen familiaren eta alderdi politikoen adostasunarekin.
Bakearen Usoa Amara Berriko Aita Donostia plazan dago egun, baina Grosen jarri zuten lehen aldiz, 1988ko abenduaren 21ean inauguratu baitzuten Zurriolako pasealekuan. Handik urte gutxira, Kursaalean obrak hasi zirenean, Amara Berrira eraman zuten. Aldaketa hori behin-behinekoa izan zen, eta Nestor Basterretxeak berak aldaketa berriz itsas aurrera itzul zedin baldintzapean onartu zuen. Saguesera eramateak, beraz, artistaren oroimenarekiko zegoen zorra kitatuko duelakoan dago alkatea.
Eskultura indarkerien aurka, bakearen alde eta hitzaren alde egindako obra dela adierazi du Izagirrek, eta konponbidearen aldeko mezua helaraziko duela: “Honek, etorkizunari begira, bakearen eraikuntzak denon parte hartzea ezinbestekoa duela gogoraraziko digu eta Donostiaren eta Euskal Herriaren etorkizunari esperantzatik eta baikortasunetik begiratzen lagunduko digu”.
Donostiako Udaleko langileak lanean ari dira “Bakearen Usoa”-ren kokapen zehatza, Sagues inguruan, erabakitzeko. Inguruaren egokitzapenak eta obraren beraren lekualdatzeak eskatzen dituzten lanen ondorioz, litekeena da eskultura abenduaren hirugarren astetik aurrera arte ez eramatea Saguesera.