Karlos I etorbidearen jabetza eskualdaketaren inguruan azalpenak eskatu ditu EAJk
Udalak kalearen 125 metro bere gain hartu ditu semaforo bat ipintzeko helburuarekin.
Carlos I etorbidearen 125 metro bere gain hartu ditu udalak. Orain arte Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetza izan da etorbide osoa, eta baita bere ardura ere; baina irailaren 23an udalaren esku gelditu da ibilbidearen heren bat. Duela hilabeta batzuk, bizilagunek semaforo bat eskatu zuten kalearen zati horretan jartzeko, baina aldundiak ez zuen bere gain hartu eskaera hori. Dena den, jabetza eskualdaketa “inolako informaziorik eman gabe” egin dela salatu du EAJko bozeramaile Eneko Goiak, eta jabetza horrek ekarri ditzakeen ondorio ekonomikoen inguruan azalpenak eskatu dizkio udalari. “Halako jabetza aldaketak egiten direnean, baldintza batzuk eskatu behar zaizkio aldundiari, bestela, etorkizunean gerta daitekeena guztia udalaren erantzunkizuna izango da”.
Goiaren esanetan, kalearen zati horren jabetzak ondorio ekonomiko eta kudeaketa mailako arazoak ekarri ditzake: “Kasu honetan, ez dakigu udalak eta aldundiak baldintzarik adostu ote duten. Hala ez bada, udalak bere gain hartu beharko luke Karlos Iaren berrikuntza obren zati bat”. Hala, alkateari azalpenak emateko eskatu dio.