Maria Lopez Tejadarentzat eta Ander Sagarzazurentzat izan dira Hitza Sariak
Behobia-Donostia lasterketako lehen donostiarrak izan dira Bidebietako eta Groseko korrikalariak, eta IRUTXULOKO HITZAk ongi merezitako saria eman die.
Behobia-Donostiako korrikalari azkarrenak Jose Carlos Hernandez (1:01:37)eta Vanessa Veiga (1:09:58) izan ziren. IRUTXULOKO HITZAk, ordea, lasterketako lehen donostiarrak saritu ditu, beste behin ere, Hitza Sariarekin: Bidebietako Ander Sagarzazu (1:06:20) eta Groseko Maria Lopez Tejada(1:20:11). Pio Baroja kiroldegian jaso dituzte sarituek euren oroigarriak, gaur arratsaldean, Fortunako Arantza Rojoren eta IRUTXULOKO HITZAko kudeatzaile Eneritz Arrillagaren eskutik.
Sagarzazuk seigarren aldiz parte hartu zuen lehian: «Nire denboraren helburua lortzeaz gain, hamargarrena izatea eta lehen gipuzkoarra izatea lortu nuen, sekulakoa. Orain bi asteko atsedena hartuko dut eta gero krosak egiten hasiko naiz». Maria Lopez Tejadak, berriz, hiruzpalau aldiz egin du lasterketa; eta Parisen bizi denez, Maite Ruiz bere amak jaso du saria. Bere hitzetan, alaba ez zegoen guztiz pozik, denbora hobea egitea espero baitzuen.