Ategorrietako eraikinaren inaugurazioa egingo dute eskolako kideek bihar, 11:30ean, erakundeetako hainbat kideren presentziarekin.

Ategorrietan dago Zurriola ikastolak hartuko duen Villa Soroa eraikina. (Argazkia: Flickr.com-berdintasunadonostia)
Zurriola ikastola handitzen ari da, eta bere eskaerari erantzun ahal izateko, beste eraikin bat izango du aurrerantzean, Villa Soroa. Ategorrietan dago eraikina, ikastolaren Groseko gainontzeko eraikinetatik gertu, eta bihar egingo dute inaugurazioa ekitaldia, 11:30ean. Bertan izango dira udal ordezkariak, aldundiko kideak, Ikastolen Elkarteko ordezkari Koldo Tellitu, eta noski, Zurriola ikastolako arduradunak. Guztira, 200 bat lagun elkartzea espero dute, izan ere, ikastolarekin lotura duten lagunek ere gonbida zabaldua baitute Villa Soroa ezagutzera joateko.
Dagoeneko biharko irekiera ekitaldirako guztia prest dute Zurriolako arduradunek: Harrera, zinta mozketa, bisita gidatua, ikus-entzunezko bat, antzezlan bat… jaia ziurtatua egongo da.
Donostiako Udalaren jabetza da Villa Soroa, eta 3.000 metro koadro inguru ditu. Emakumeen Etxea bertan jarri zuen udalak, Okendo kalera eraman aurretik. Euskal Herriko Unibertsitatearena ere izan zen eraikina, eta kriminologia institutoa eta irakasle eskola izan zituen bertan.