Tarteen irudia. (Argazkia: Donostiako Udala)
Proiektuak Martutene eta Txomin Enea lotzeko oinezkoentzako eta bizikletentzako bi ibilbide izango ditu. Osatuko den ibilbideak bederatzi tarte izango ditu:
- 1. tartea. Oinezkoentzat zein bizikleta zaleentzat, Txomin Eneatik 27. poligonoraino, Urumea ibaiaren bazterretik. Egun, ibilgailuentzako galtzada bat dago, eta helburua da ibilgailuek, oinezkoek eta bizikleta zaleek partekatutako eremua izatea aurrerantzean. Ondorioz, tarte osoan, abiadura 20 km/h-ra murriztuko da. Orain, hartxintxarrez osatutako bide bat dago oinezkoentzat zein bizikleta zaleentzako. Helburua da tarte horri bizikletentzako baldintza egokiak gehitzea, eremuaren izaera naturala aintzat hartuta, zoru arina jarrita; eta baita behin-behineko argiteria ezartzea ere, gauez ibili ahal izateko. Halaber, Adif geralekurako sarbidera joango den oinezkoen igarobide semaforoduna ezarriko da, eta Txomin Enea auzoan edukiontziak jartzeko guneak sortuko dira.
- 2. tartea. Bizikleta zaleentzako bazterbidea, Urumea pasealekuan. Tarte honen bidez, Txomin Enea eta 27. poligonorako sarbideko biribilgunea lotuko dira, bizikletentzako 2 bazterbideren bitartez. Horretarako, galtzada estutu beharko da, eta seinale horizontalak jarriko dira. Bizikleta zaleentzako lotura hori, hain zuzen, Urumea ibaiaren paraleloan doan bizikleta zaleentzako behin-behineko lotura unibertsalaren alternatiba izango da. Era berean, bizikleta zaleen segurtasuna hobetzearren, ibilgailuen aparkalekua aldatuko da, eta horiek atzera martxan aparkatu beharko dute. Horri esker, ibilgailuen irteera hobeto ikusi ahal izango da, eta beraz, asko hobetuko dira baldintzak, tarte osoan.
- 3. tartea. 27. poligonoaren irteerako bidearekiko paraleloa. Tarte honek aurreko biak eta Martutene pasealekuarekiko paraleloan egingo den bizikletentzako lotura berria, alegia, 27. poligonora sartzeko biribilgunearen eta Martuteneko zubiaren artekoa, lotuko ditu. Lehendik dagoen espaloiarekiko paraleloan egingo da, aglomeratu beltzarekin, hormigoizko zolaren gainean. 27. poligonorako sarbideko biribilgunetik hurbil dagoen oinezkoen igarobidea aldatu egingo da, eta biribilgunetik hurbilago jarriko da, oinezkoen igarotzea hobetzeko. Era berean, galtzada estutuko da, tarte horretan ibilgailuak abiadura motelagoan igaro daitezen. Oinezkoen igarobidearekiko paraleloan, bizikleta zaleentzako igarobidea gehituko da. 27. poligonorako sarbideko bidean bizikletentzako igarobide berriak irekiko dira, eta oinezkoen baldintzak hobetuko dira. Ibilbide hori behin betikoa izango da. Zehazki, eremu horretan etorkizunean egingo den hirigintza proiektuaren baitako irtenbidea izango da.
- 4. tartea. 27. poligonorako sarbideko biribilgunearen eta Martuteneko zubiaren artekoa. Tarte honi esker, 27. poligonorako sarbideko biribilgunea eta Martuteneko zubia lotuko dira. Bizikletentzako lotura egingo da, aglomeratu beltzean, eta tarte osoko espaloien zolaketa hobetuko da. Eguzkieder kalearen eta Apostolutza kalearen arteko aparkalekua berrantolatu egingo da, eta bizikletentzako lotura sortuko da. Martutene pasealekuarekiko kale perpendikularretarako ibilgailuen sarbideak berrantolatuko dira. Horretarako, espaloiak jarriko dira eta oinezkoen eta bizikleta zaleen igarotze distantzia txikituko da; eta era horretan, segurtasuna areagotu. Bide beretik, tarte osoan zehar, argiteria aldatuko da. Martuteneko Renfe geltokirako sarbidean, aldaketa bat egingo da: arrapala jarriko dute. Aparkaleku aldean bizikletentzako lotura egingo da; horretarako, edukiontziak tokiz aldatuko dira eta aparkatzeko 3 plaza kenduko dira. Apostolutza kalearen eta Urumea ibaiaren gaineko zubiaren arteko azken tartean, bizikleta zaleek eta oinezkoek gunea partekatu beharko dute. Izan ere, zubi zaharra bota eta berria eraikitzeko lanak hasi bezain pronto, goitik behera aldatuko baitute ingurunea. Ondorioz, oraingoz, ahalik eta diru gutxiena xahutuko da tarte honetan. Apostolutza inguruko eremua eta zubiaren hurbileko eremua izan ezik, gainerako tarte osoa behin betikoa izango da. Aipatutako eremu horretan, hirigintza lanak egin, eta Martuteneko zubi berria eraikiko da. Jarduna ahalik eta txikiena izango da; baina, betiere, oinezkoen zein bizikleta zaleen segurtasuna bermatuta. Tarte honek 360 metroko luzera izango du.
- 5. tartea. Behin-behinekoa, Martuteneko zubian. Tarte honetan, zirkulazio errail bat kenduko da, oinezkoentzako zein bizikleta zaleentzako gunea sortzeko, eta ibilgailuek txandaka igarotzeko aukera izango dute. Horretarako, semaforoak jarriko dira tarte osoan zehar. Jardun hau ahalik eta modu samurrenean egingo da, kontuan izanda behin-behineko jarduna dela. Zirkulazio galtzada bat kenduko den tartea 90 metrokoa izango da.
- 6. tartea. Sarrueta pasealekuaren eta Martutene pasealekuaren artean, Tranbia kaletik. Tarte honetan, bi azpi-tarte bereiziko dira. Lehenengoa oinezkoentzako eremua izango da. Bertan, seinale bertikalen bitartez, bizikleten zirkulazioa baimenduko da. Eta bigarren tartean, “30 gunea” sortuko da, bizikleta zaleak galtzadatik joan daitezen, harik eta Martutene pasealekura iritsi arte. Lehenengo tarteak 150 metroko luzera izango du; bigarrenak, berriz, 200 metrokoa. Jardun hau ahalik eta modu samurrenean egingo da; izan ere, Hirigintza Sailean aurreikusi dute etorkizunean beste jardunen bat egin beharko dela eremu horretan.
- 7. tartea. Sarrueta pasealekuaren eta Pilarreko Andre Mariaren auzunearen artean, Martutene pasealekutik. Tarte honetan oinezkoen igarobide berri bat jarriko da, trinket parean. Era horretan, espaloitik doazen pertsonak beste aldera igaro ahal izango dira, oinezkoentzako ardatzetik Loiolarantz jarraitzeko. Ikastetxeko ertzeko bi espaloiak handitu egingo dira, oinezkoen baldintzak hobetu eta ikastetxera doazen haurren segurtasuna bermatu ahal izateko. Era berean, oinezkoen bi igarobide semaforodun irekiko dira: bat ikastetxearen parean, eta bestea, zuzenaren hasieran. Bi muturretan abiadura murrizteko elementuak jarriko dira, eta abiadura 30 km/h-ra mugatuko da. Tarte honen helburua da, hain justu, oinezkoen baldintzak hobetzea. Espaloien zolatzea izango da hasierako jarduna; etorkizunean, eremua berriz antolatuta osatuko dena, behin betiko. Arestian aipatutako tarteak 230 metroko luzera izango du.
- 8. tartea. Pilarreko Andre Mariaren auzunearen eta Goizueta kalearen artean, Martutene pasealekutik. Tarte honetan, aldaketak egingo dira Pilarreko Andre Mariaren auzuneko 28-32. zenbakietarako sarbidean, oinezkoen igarobidean ibilgailuen ikusgaitasuna hobetzeko, eta era horretan, oinezkoen segurtasun areagotzeko. Jardun hau, zehazki, bizilagunek egindako eskaeren baitakoa da. Pilarreko Andre Mariaren auzuneko 28-32. zenbakietarako sarbidearen alboan lehendik dagoen oinezkoen igarobidearekiko paraleloan, bizikletentzako igarobidea ere egingo da. Era horretan, Tranbia kaleko “30 gunetik” datorren bizikletentzako loturari jarraipena eman ahal izango zaio, Astigarragatik datorren Foru Bizikleta Sarearekiko loturarantz. Lorategitik egingo da bizikletentzako lotura; betiere, dauden zuhaitzak errespetatuta. Hala, jarraipena eman ahal izango zaio Itziar Enea eta Marina Enea etxeen paretik aurrera. Tarte honetan, abiadura 40 km/h-ra mugatuko da. Eta tartearen luzera 200 metrokoa izango da.
- 9. tartea. Goizueta kalearen eta Martutene pasealekuko 100. zenbakiaren artean. Itziar Enea eta Marina Enea etxeen parean, eremua berrantolatuko da. Hala, espaloia handituko da, oinezkoak modu seguruago eta erosoagoan ibil daitezen. Aipatutako bi etxeen alboetako espaloiak ere handitu egingo dira. Espaloiarena ez beste garaiera batean egingo da bizikletentzako lotura; hartara, oinezkoen eta bizikleta zaleen arteko liskarrak saihestuko dira. Zeharka aparkatzeko gunea berrantolatuko da, eta orain arteko 9 plazak izan beharrean, aurrerantzean 5 izango dira. Bizikleten bidea Astigarragatik datorrenarekin lotzeko, orain ibilgailuentzat erabiltzen den bidea erabiliko da. Zeharkako aparkaleku gunerako sarbidea, berriz, 140 metrora dagoen sarbidetik egingo da. Seinale horizontal zein bertikalekin jakinaraziko da bizikletek eta ibilgailuek gunea partekatu beharko dutela, harik eta Foru Bizikleta Sarearekin lotu arte. Tartearen luzera 245 metrokoa izango da.