Txomin Enea eta Martutene lotzeko lanak urtarrilean hasiko dira
Lanak Urbycolan enpresari egokitu zaizkio, eta hiru hilabeteko epean amaituko dituzte.
Txomin Enea eta Martutene lotuko ditu udalak, oinezkoentzako eta bizikletentzako bi ibilbideren bitartez. Tokiko Gobernu Batzordeak gaur onartu du obren esleipena, 372.593 euroko aurrekontuarekin. Proiektuaz Urbycolan enpresa arduratuko da; lanak urtarrilean hasi eta hiru hilabeteko epean amaituko dituzte. “Guztiok jakin badakigu eremu honek eraldaketa izango duela urte gutxiren buruan, baina ezin dugu gehiago atzeratu eremuan jarduteko dagoen premia. Inbertsio hau hiriak eremu horrekiko zuen zorra kitatzeko modua izango da”, adierazi du Mugikortasuneko zinegotzi Jon Albizuk.
Udala bertan hainbat jardun sustatzen ari da: ibaiaren tratamendurako lanak eta Txomin Enea, Sarroeta, Portutxo eta Trinqueteko hirigintza garapenak, besteak beste. Nora Galparsoro, Azpiegitura eta Hiri Zerbitzuetako zinegotziak, horrekin lotuta, adierazi du behin-behineko jardunak gauzatuko dituztela epe laburrean hirigintza jardunak egin behar direla aurreikusitako tokietan; eta inolako jardunik aurreikusi gabekoetan, berriz, behin-betiko jardunak egingo dituztela: “Proiektu honetan jasotako neurri guztien helburua da, hain zuzen, auzokoen bizi-kalitatea hobetzea, eta era horretan, eremua irisgarriagoa bihurtzea, hainbat gune pertsonentzat egokituta”. Proiektuaren baitan, oinezkoentzako hobekuntzak daude jasota; hala nola oinezkoen igarobide semaforodunak jartzea, espaloiak zolatzea, oinezkoei trabak eragiten dizkieten elementuak edo oztopoak kentzea, argiteria hobetzea, espaloiak handitzea, abiadura murrizteko elementuak jartzea, galtzada estutzea eta zirkulazio abiadura mugatzea.
Bizikletentzako ardatz berria
Jon Albizuk gogorarazi du proiektua osatzean kontuan hartu dituztela bizilagunek parte hartze prozesuetan egindako eskaerak; besteak beste, bizikletentzako ardatz berria: “Azken urteotan, eremu horretan, bizikletentzako bidearen eskaerak gora egin du, eta ardatz hori irekitzeko premia hauteman dugu. Horretarako, bizikletentzako lotura bat definitu dugu, hiriko sarearen baitan ibilbide giltzarria izango dena; izan ere, zuzeneko lotura ahalbidetuko du hiriko mendebaldeko auzoekin, mendebaldeko udalerriekin eta Foru Bizikleta Sarearekin. Egiteke geratuko da Loiola eta Txomin Enea lotuko dituen bidea”.