Udal gobernua Zuhaizti kiroldegiaren kudeaketaz arduratzeko prest dago
Martxotik aurrera, Donostia Kirolak kudeatzen dituen kiroldegien zerrendan sartuko litzateke.
Galera ekonomikoak direla eta, Fortuna Kirol Elkarteak Zuhaizti kiroldegiaren kudeaketarekin jarraituko duen edo ez “kolokan dago”. Honen aurrean, udal gobernua kiroldegiaren zuzeneko kudeaketaz arduratzearen alde agertu da. Fortunak Zuhaizti kudeatzeari utziko balio, Donostia Kirolak zuzeneko kudeaketa hartuko luke bere gain.
Elkarteak 2005ean hartu zuen Zuhazti kudeatzeko ardura, eta birritan luzatu du kontratua. 2015eko uztailaren 7an amaituko zaio berriro, eta egoera horretan, bi aukera ditu Donostia Kirolak: hurrengo lehiaketako baldintza hobetzea, kanona handitu eta kudeatzaile pribatuari diru publiko gehiago eskaini; edo, kudeaketa publikoa hautatzea. Donostia Kirolak bigarren hautuaren alde egin du: “Udal gobernua zerbitzu publiko sendo eta eraginkorren alde dago. Bere garaian, Etxadi kiroldegiaren kudeaketa publiko bihurtu genuen, eta apustu horrek emaitza ona izan du. Halaber, hiriko kirol talde baten kudeaketa arazoa konponduko dugu”. Honela, 2015eko martxotik aurrera, Zuhazti Donostia Kirolak zuzenean kudeatzen dituen kiroldegien zerrendan sartuko litzateke, eta ez lituzke prezioetan aldaketarik eragingo.
Bere garaian, Zuhaztik zeharkako kudeaketa edukitzea erabaki zuten, ardura hartuko lukeen kirol taldeak bere kirol jardueren zati bat egiteko, eta diru sarrera iturri bat edukitzeko. Hala ere, egun Fortunak 131.000 euroko galerak dituela jakinarazi du udal gobernuak eta horregatik kudeaketa publiko eta zuzenaren alde egingo du.
Zerbitzua publikoa bihurtzeak igerilekua duten instalazio guztien uniformetasuna ekarriko luke, Kirol Txartelaren aldeko apustua areagotuz. Langileen egonkortasuna ere areagotuko litzateke, enpleguaren kalitatea hobetuz. Diru sarrerak kirol ekintzen bidez handituko lirateke, baina kontratatutako zerbitzuengatiko gastuek gora egingo lukete, BEZa aplikatu beharko litzatekeelako. Donostia Kirolaren datuen arabera, zeharkako kudeaketarengatik 400.000 euro inguruko kontrakanona ordaindu beharko litzateke, zuzenekoarekin ere antzeko kopurua izango litzateke.
Fortuna Kirol Elkarteak martxotik aurrera Zuhaztiren kudeaketa uztea elkarren arteko adostasunez erabaki nahi dute, interes publikoa babesteko.