Ulia eta Ondarretako aterpetxeetan hobekuntzak egingo dituzte
Zerbitzuetan izango diren aldaketek eta kudeaketa gastuen murrizketek 70.000 euro aurreztuko dituztela aurreikusi dute.
Tokiko Gobernu Batzordeak Ondarreta eta Uliako udal aterpetxeen prezio publiko berriak onartu ditu gaur goizean. Ostatu hartzeko prezioa bere horretan mantenduko da bietan, baina eskaintzen dituzten zerbitzuetan aldaketak izango dira. Honela, eta kudeaketa gastuak murrizteko urtean zehar hartu diren beste neurri batzuk kontuan hartuta, 70.000 euro aurreztea aurreikusten dutea. Urtean hartu diren neurri horien artean dira, bestak beste, energia aurrezteko neurriak eta giza baliabideei buruzkoak daude, eta zerbitzu enpresa batzuekin ziren kontratuak ere berrikusi dituzte.
Naiara Sampedro Gazteriako zinegotziak esan du hobekuntza horiei esker erakargarriagoak izango direla aterpetxeak: “Bisitariek estimazio handia diete gazteentzako aterpetxeei, aterpetxe hauek alternatiba ona baitira gazteentzat eta, beraz, dituzten instalazioak eta ematen dituzten zerbitzuak hobetzen jarraitu behar dugu. Seguru gaude hartu ditugun neurri hauei esker erabiltzaile gehiago izango dutela aterpetxeek; eta oraindik eta gehiago 2016an Kulturaren Hiriburu izaten garenean gure hirira etorriko diren gazteei ostatu eman behar diegula kontuan izanda”.
Ondarretak, bataz beste, 18.200 erabiltzaile ditu, eta Uliak 7.800. Aurten, 20.000 eta 8.000 erabiltzailea izatea espero dute: “Aurtengo udako datuei begiratuta, ikusten dugu erabiltzaile kopurua pixka bat handitu egin dela Ondarretan, eta iazkoari eutsi egin diola Uliak”.
Tresna informatiko berria
Zinegotziak iragarri du, beste hainbat hobekuntzaren artean, luze gabe erabilera askoko webgune bat jarriko dutela abian: “Webgune berri bat sortzen ari gara, eta webgune horrek hiriari buruzko eta aterpetxeei buruzko informazio interesgarria emango digu. Horrez gain, tresna informatiko berri bat diseinatzen ari gara, erreserba prozesu osoa hasieratik bukaeraraino egin ahal izateko; horrela, online erreserbak areagotuko dira”. Orain arte, erreserba egin zitekeen Internet bidez, baina ezin zen modu telematikoan ordaindu. Prozesu hau amaitutakoan, erreserbak ordenagailutik zein eskuko telefonotik egin ahalko dira.
Horren harira, hainbat merkataritza enpresarekin jarri dira harremanetan, ostatua haien bidez kontratatu ahal izateko (Booking, Hostellin International eta abar).
Gainera, Sampedrok adierazi du datozen hilabeteetan aterpetxeek wifi sareen estaldura handiagoa izango dutela, eta espero dutela datorren urtean baliabide ekonomiko nahikoa izatea hainbat espazio berritzeko, bereziki aterpetxerik zaharrenean: “Ondarretan berrikuntzak egin nahi ditugu komunetan eta zenbait logelatan, izan ere, horrek ageriko hobekuntza ekarriko du, eta pizgarri bat izango da aterpetxe horretan ostatu hartzeko garaian”.
Prezio publiko berriak
Prezio publikoak ere berrikusi dituzte, eta, horren ondorioz, bereizi egin dituzte ostatuaren prezioa eta gosariaren prezioa. Hala, Ondarretako aterpetxean, jatetxerik ez duenez, gutxieneko kopuru bat beharko da gosaria eskaintzeko; dena dela, gosaria ez da sartuko ostatuaren prezioaren barruan. Gosariaren prezioa 3,60 euro izango dira (gaur egun 3,25 euro balio du). Ondarretan gaua pasatzea, berriz, 12,4 eta 24,3 euro bitartean kostatzen da, denboraldiaren arabera, eta gela mota eta erabiltzaile motaren arabera. Ulian, prezioak 13,9 eta 22 euro bitartean dabiltza.
Otorduen prezioek berdin jarraituko dute bi aterpetxeetan, bazkaria eta afaria 8,9 euroan egongo da. Ondarretan, gainera, piknik zerbitzuan prezio berri bat ezarriko da, aterpetxearen kanpoaldean otordua egin nahi duten erabiltzaileentzat, 6 euroan. Gainera, aterpezaleen tipologia hobeto kudeatzearren, Santiago bidetik erromes doazen pertsona guztiak Ondarretako aterpetxera desbideratuko dituzte.
Udalak kudeatzen ditu bi aterpetxe horiek, Gazteriaren eta Aterpetxeen Bulegoaren bidez. Ondarretako gazte aterpetxeak —Igeldo pasealekuan egon zen La Sirena lantegi ohiaren orubean du egoitza— 102 leku ditu; 2, 4, 6, 8, 18 eta 18 oheko logeletan banatuta. Uliakoa berriagoa da, eta Ulia pasealekuaren amaieran dago. 62 leku ditu, lau pertsona arteko 8 logeletan eta 5 edo 6 lagunentzako 5 bungalow edo estudioetan banatuta.