Anoeta berriak halako itxura izango luke.
Abenduaren 1ean Anoeta Kiroldegiko Administrazio Kontseiluak Anoetako obren eta ustiapen eskubideen, estadio txikiaren berritze lanen eta inguruaren hirigintza lanen lehiaketa arautuko duten baldintza-pleguei oniritzia emango dien ala ez erabakiko du. Aipatutako lehiaketa prozedura irekiz eta publizitatea eginez gauzatuko da.
Pleguetan, harmailak zelaira gerturatzeko betebeharra jasotzen da, eta horretarako, atletismoko pistak kendu beharra. Jarleku kopurua handitu egingo da; 40.000tik gora eta 45.000tik behera ikusle sartuko dira.
Instalazioak eta hainbat espazio berritu egingo dira, adibidez: estalkia, aparkalekua, autobusetarako tokia eta hobia. Horrez gain, UEFAk 4. kategoriako estadioetarako ezarritako eskakizunetara egokituko dira, errugbi partidak jokatzeko egokituko dira eta bai barruko bai kanpoko irisgarritasuna hobetuko da, baita segurtasun baldintzak ere.
Espazio berriak sortuko dira, eta ondorioz, kirol jarduerez gain, zerbitzu publikoko erabilerak eta jarduerak garatu ahal izango dira. Estadioaren ingurua urbanizatzea eta hirian duen integrazioa hobetzea ere emakidadunaren betebeharrak izango dira.
Emakidadunak estadioko 1.100 metro koadro Anoeta Kiroldegiaren eta bere zerbitzuen esku uzteko konpromisoa hartuko du.
Estadio txikiari dagokionez, kirol azpiegituraren berritzeak dagoen harmaila handitzea dakar, eta hala, gutxienez 2.000 lagunentzako jarlekuak izatea. Eta harmaila desmuntagarriak jarriz 5.000 ikuslera arteko txapelketak bertan egiteko aukera bermatu behar du. Horrez gain, palkoaren aurreko eta palkoko aretoa, prentsa aretoa eta harmailako komunak berrituko dira. Eraberritzean gaur egungo estalkiaren ordez berria jartzea eta zelaia eta kanpoaldeko pistak berriz antolatzea aurreikusten da. Aurrerantzean, uztai perimetralak 500 metroko luzera izango du.
Interesdunek 52 egun baliodun edukiko dituzte proposamenak aurkezteko, EBko aldizkari ofizialera bidaltzen denetik. Ebaluazio Batzorde batek aurkeztutako proposamenen inguruko txosten bat egingo du, proposamenen artean ekonomikoki onuragarriena zein den identifikatuko du eta Kontratazio Organoaren esku jarriko du. Epe horren ondoren, txosten tekniko bat egingo da. Gero, esleipena egingo da, kontratuan aurreikusitako lanak hasi ahal izateko.
Obrek erabat bukatuta eta legeztatzeko eskaria eginda egon beharko dute gehienez ere 48 hilabeteko epean, zuinketa aktaren datatik zenbatzen hasita, estadioaren kasuan, eta 12 hilabeteko epean, miniestadioaren kasuan. Esleipendunak, lehiaketan, lanetarako aurreikusten dituen faseak eta epeak zehaztu beharko ditu.
Anoetako lanak egiteko aurrekontua 45 milioi eurokoa da eta, kontratuaren hasierako iraupena 50 urterako aurreikusita dagoen arren, 40 urtera jaisteko aukera egongo da. Anoeta Kiroldegiak ez luke gasturik izango eta bai diru-sarrerak, Donostia Kultura eta Gipuzkoako Futbol Federazioaren alokairuen bidez eta diru-sarrera horiek inguruko beste instalakuntzen hobekuntzan lagunduko lukete.
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek nabarmendu duenez, hiriarentzat oso garrantzitsua da erreforma, Estadio moderno bat izateko aukera emango diolako, baita nazioarteko atletismoko txapelketak egiteko baldintzak beteko dituen estadio txiki bat izateko aukera ere. «Estadio txikia atletismoa egiteko lehen mailako azpiegitura bilakatuko litzateke», esan du. Izagirrek hauxe gogorarazi du Udal Gobernuaren jardunaz: «Hau dena errealitate egiteko lan egin du eta lan egiten jarraituko du. Azpiegitura hauek hobetzeko konpromisoa hartu genuen, udalak euro bakar bat ere ez jartzeko baldintzarekin, eta gauzak bide onetik doaz, markatutako bidetik. Obra eta ustiapenerako lehiaketa martxan jartzear gaude. Beraz, bilatzen ari ginen behin-behineko irtenbidera eramango gaituen fase erabakigarri batean gaude».