Euskarazko rock gaua Larratxon
http://youtu.be/Hdzsv6M7ypw
Bizarrain Euskara Elkarteak hirugarren Altzatarock jaialdia egingo du larunbatean, Larratxo kultur etxean (19:30ean). Elbereth, Hira, Jare eta D-Pintxos taldeak ariko dira zuzenean. Elbereth heavy metal talde legazpiarra herriz herri Euskal Herri osoan ezaguna izatera iritsi da. Hamar urteko esperientzia dute eta hiru disko argitaratuak. Bere karreraren unerik goxoenean, eta soinu gogorrago eta ilunagoetarantz eboluzionatuz, beraien proposamena biribildu dute. Melodia indartsuenen ordua iritsi da. Hira euskarazko heavy metalaren bigarren loraldiaren bultzatzaileetako bat izan zen; etenaldi baten ondoren taldeak bere hirugarren diskoa atera zuen, helduena eta ezberdinena. Jare taldeak bi disko ditu kalean: Itxaropenaren ertzean eta Iaze, azkena 2012an argitaratua. D-Pintxos taldeak, tronboia eta tronpeta lagun, punk-rocka jorratzen du gehienbat. 2009ko otsailean sortu zen eta 2014ko udan grabatu du bigarren diskoa, Ahotsak. Sarrerak jada salgai daude.